"Gehien kezkatu gaituena egun kanpalekuetara iristen den oinarrizko elikagaien urritasuna izan da"

Baleike 2016ko abe. 14a, 19:14
Argazkia: Darahli

Darahli taldeko hiru kooperante, Maialen Tolosa, Jon Urbieta eta Amaia Zubimendi, Saharako kanpalekuetan egon berri dira. Igaro dituzten egunetan elkartea sustatzen ari den programak ikuskatzen aritu dira. Horiez gain, gaur egunko kanpalekuen erretratu bat ere egin dute. Hemen duzue Amaia Zubimendik atera dituen inpresioak.

Zortzi egun pasa ditugu Jonek, Maialenek eta hirurok saharar errefuxiatuen kanpalekuetan. Ez zen gutariko inorentzat lehenengo aldia izan bertara gindoazela, beraz, ez genuen hain helmuga arrotza itxaroten. Halere, irrika eta emozioa ziren jabe gure barnean. Izan ere, badute kanpaleku hauek zerbait berezia, zerbait bakarra. Aparteko esentzia dute eta bertako pobreziak begiratu hutsean atsekabetu zaitzakeen arren, nahikoa da ordu batzuk igaro eta sahararrekin hainbat hitz partekatzea benetan zoriontsu senti zaitezen, etxean bezain eroso senti zaitezen edozer egiten baitute.

Gezurra izango litzateke, noski, mundu perfektu batean bizi direla esango banuke, baita beharrezkoa den guztia eskura dutela aipatuko banuke ere. Eguneroko konplikatu eta malkartsua da eurena. Bestalde, azkeneko aldiz izan ginenetik, hots, urte eta erdi bateko epean, nolabaiteko aurrerakuntzak ere nabari ditugula esan beharra dago. Hala nola, argi indarra heldu zaie etxe gehienetara. Baina berri oro ez da positiboa izan, ezta gutxiagorik ere. Guri gehien kezkatu gintuena, esaterako, egun kanpalekuetara iristen den oinarrizko elikagaien urritasuna izan zen. Haiek ziotenez, biztanleria etengabe ugaritzen ari denez, jada olio botilak nahiz arroz poltsak banatu beharra izaten dute familia desberdinen artean. Zalantzarik gabe, oso egoera kritikotzat hartu genuen guk hori, eta agian gure herrian edota inguruko janari bilketetan ekarpen handiago bat egin beharko litzatekeela ere bururatu zitzaigun.

Duela hilabete batzuk jasan zituzten uholdeek ere ondorio larriak ekarri dizkiete gure sahararrek, eta etxe ugari izan dira bertan behera erori zirenak. Kasu horretan, ordea, diru laguntzak oso baliagarriak suertatu zitzaizkielarik, jada familia gehienek berreraikiak dituzte euren bizilekuak. Horrek guztiak, nola ez, izugarri poztu gintuen eta proiektuan aurrera jarraitzeko indarrak hareagotu zitzaizkigun.