Zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeko akordioa

Baleike 2016ko abe. 13a, 14:29

Eskualdeko herrietako zabor bilketa zerbitzua mankomunatzeko akordioaren berri eman dute gaur goizean Urola Kostako Udal Elkartean. Hemen duzue akordioa bere osotasunean.

1.- 2016ko urriaren 28an, Zuzendaritza Batzordeko kide eta bailarako Alkateei aurkeztutako azterketa teknikoa onartzea, honako erizpideekin:

* Etxekako bilketa: Bost kontainer bidezko bilketa: errefusa, organikoa, papera-kartoia, ontzi arinak eta beira. Errefusa eta organikoaren kontenedoreak erabilera mugatua izango dute, hau da, irekiera txip bidez izango dute. Gainera, etxebizitza bakoitzak bere kontainer izendatua izango du. Irekiera egun guztietara luzatuko da. Beste kontenedoreen kasuan, gaur egungo sistema berdinarekin jarraituko dugu.

* Komertzioak eta Ostalaritza: Sortzaile haundi eta ertainei gaikako bilketa egingo zaie puntuz-puntu, honako frakzioetan: organikoa, papera-kartoia eta errefusa. Komertzioen kasuan astean sei egunetan eta ostalariei zazpi egunetako zerbitzua emango zaie, ondorioz, ez dute txartel beharrik izango. Ontzi arinak eta beira jasotzeko kaleko edukiontziak erabiliko dituzte.

* Enpresak: Industrialdeetan puntuz puntu bilduko zaie honako frakzioetan: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastiko filma/poliespana. Jantokia duten enpresei organiko sortzaile handiei aplikatzen zaien puntuz puntoko bilketa aplikatuko zaie.

* Landa eremuaren kasuan, ekarpen gune berriak sortuko dira kontenedore guztiekin. Aztertzeko geratuko da, kontenedore organikoaren presentzia gune guztietan edo ez (nekazalturismo, nekazaletxe, e.a.).

2.- Bilketa sistema berri honek gutxiengo bilketa tasak lortzeko bide izan behar du, honela banatuz:

  1. - 2018an: %60.
  2. - 2019an: %60tik %70a.
  3. - 2020an: %70etik %75a.

Gutxiengo helburuak hauek izanik, helburua ahalik eta jasotze tasa altuena lortzea izan behar du , jakinda honelako sistema erabiliz %80ko jasotze tasara iritsi direla beste eskualde batzuetan.

3.- Hondakinen gaikako sailkapena bete behar bat da herritar ororentzat.

4.- Aurreko puntuan aipatutako portzentaiak eman ezean, neurri zuzentzaile desberdinak aztertu eta bideratu beharko dira kasuan kasu: errefusaren kontenedoreen irekiera denboran mugatzea edukiontzien erabiltzaile kopurua mugatzea, etabar…

5.- Zerbitzuaren kostuak estaltzeko bideratuko diren tasak aztertzean, hobari edota pizgarriak ezartzea baloratuko da zenbait kasutan: auzokonposta, autokonposta, ostalaritza, komertzioak, e.a. Baita ere kontutan izan behar dugu, tasen kobrantza egiteko eredu desberdinak daudela, tartean bakoitzaren sorkuntzaren araberakoa, nahiz eta hasiera batean gaur egun herriz herri dauden ereduak oinarritzat hartu, “gehien sortzen duenak gehiago ordaindu behar duela” dioen printzipioarekin bat egiten dugun.

6.- Errefusa eta organikoak bilketa maiztasun berbera edukiko dute hasiera batean, jakinda bilketa sistemaren garapen egokiaren ondorioa organikoaren bilketa maiztasuna igotzea eta errefusarena jeistea izan beharko lukeela. Karakterizazioari dagokionez urtean aurreikusitako hiru karakterizazioak errefusari eskainiko zaizkio, eta organikoari dagokionean urtean lau aldiz izango lirateke, GHKren bitartez edo bestela Udal Elkartearen bitartez. Organikoaren kasuan %5etik beherako inpropio maila ematea litzateke helburua.

7.- Jarriko diren edukiontziek, ahal den neurrian, irisgarritasuna bermatuko dute.

8.- Sistema berriaren ezarpen lanak gauzatu, informazioa zabaldu eta sentzibilizazio kanpainak burutzeko, lau hezitzaileen kontratazioa aurrikustea, horietatik bi 2017ko ekainean kontratatuz eta beste biak 2017ko irailean, gutxiegi direla ikustean gehiagoren kontratazioa bultzatuz.

9.- Hezitzaile hauen lana, besteen artean, herritarrak sentsibilizatu, gune “ilunak” identifikatu eta erabiltzaileei zuzenean ohartaraztea izango da.

10.- Sistema berria martxan jartzen den egunetik hasi eta hilabetero Urola Kostako Udal Elkarteko web orrialdean datuak argitaratuko dira. Datu hauek, Udal bakoitzak erabakiko du baita ere, bere herrian nola zabaldu: panelen bidez, web orrian….

11.- Sistema berria ezarri eta lehen hiruhilabeteko datuak hartuta, aldizkari bat banatuko da etxez etxe bailara guztian, lortutako emaitzak eta kalitatearen berri emanaz.Baita ere, 12 hilabetera helburutik urrun egonez gero komunikazio kanpaina sakon bat egingo da. Bestalde, zabor tasa errezibuarekin batera, sistema berriaren helburuak, jasotze tasaren inguruko informazioa eta zehaztu daitekeen informazioa zabalduko da.

12.- Bilketa sistema ezarri aurretik, beharrezko informazio euskarriak etxe guztietara bidaliko dira, funtzionamenduaz gain, markatu diren epe eta helburuak jakinarazteko. Sistema guzti honen berri herritarrei azaltzeko, beharrezko bilerak egingo dira bost udalerriekin adostuta , prentsaren aurrean egingo diren aurkezpenez aparte.

13.- Bost herrietako teknikari, EH Bilduko bi ordezkari, EAJ-ko bi ordezkari, Irabaziko ordezkaria, Orain plataformako ordezkaria eta PSE-eko ordezkariarekin batera Urola Kostako Udal Elkarteko teknikari eta Lehendakariarekin osatuta dagoen Lan Mahai Tekniko-Politikoak jarraipena izango du eta sistema berriaren inguruko gai desberdinak jorratzeko eremua hau izango da.

14.- Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza osatzen dugun udal ordezkari guztiak sortuta dauden Hondakin mahaiak deituak izateko konpromisoa hartzen dugu sistema berriaren aurkezpena egin eta prozesu honetan aktibo mantentzeko aukera emanez, bilketa sistemaren informazioa, jarraipena eta ekarpenak egin ahal izateko.

15.- Eskualdean lortu daitezkeen aurrezpen ekonomiko eta lanpostu berrien sorreraz guztiok jakitun izan ahal izateko, %80ko bilketa maila erreferentzi modura hartuaz azterketa ekonomikoa egingo da.