ETBko kanpaikadak Zumaiatik emango dira

Baleike 2016ko abe. 3a, 06:00

San Telmoko ermita izango da 2017. urteari ongietorria emateko EITBren aurtengo agertokia. Horrez gain, ekintza egitaraua prestatu du Udalak herria Eguberri giroan murgiltzeko. Besteak beste, Musika Bandaren kontzertua, Gabon abestien lehiaketa edo umeen Gabonetako parkea izango dira.

Orio Produkzioak ekoiztetxearen bitartez, Euskal Telebista Udalarekin harremanetan jarri da haien aurtengo kanpaikadak Zumaiako San Telmo ermitatik eman ahal izateko.

Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga, Herri Txiki, Infernu Handi saioaren aurkezleak, eta Sara Gandara, kiroletako esataria, Zumaiara gerturatuko dira urteko azken egunean, eta zuzenean aurkeztuko dituzte, Euskal Telebistako bi kateetan, 2016a agurtu eta 2017ari ongietorria emateko kanpaikadak.

Saio horren atarian, aipatutako Herri Txiki, Infernu Handi programa berezia eskainiko da ETB1en, non bi aurkezleak zumaiarrekin solasean arituko diren. Horretarako, hilaren 31a baina bizpahiru egun lehenago Zumaia eta San Telmo ingurua bisitatuko dituzte urte amaierako saioa girotzeko irudi bila.

EITBk adierazi du 50-60 lagun inguruko talde bat osatuko duela egunean bertan kanpaikada saioa San Telmotik zuzenean bizi ahal izateko. Interesdunek kaixo2017@eitb.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute.

Eguberrietako egitaraua

Eguberri giroan murgiltzeko hainbat ekitaldi egingo dira. Hasteko, larunbat honetan Gabonetako argiak piztuko dira kaleak alaitzeko. Gainera. Aurten, berrikuntza gisa, Larretxo eta Moilaberriko zubia ere argiztatu dituzte.

Bestalde, abenduaren 21ean Santo Tomas festa ospatuko da Alai Auzategian eta 23an Zumaiako Udal Musika Bandaren Gabonetako kontzertua eskainiko da, 19:00etan, Alondegian. Honen harira, Bandak azaroaren 19an eskaini zuen Danteren La Divina Comedia saioak izandako arrakasta ikusirik, abenduaren 17an ekitaldia berriro errepikatuko du Komentuan, Esti Curiel aktorearekin batera.

Urtero bezala, abenduaren 24an Olentzero etorriko da Zumaiara eta Institutu parean hasita, kantuan ibiliko da haurrekin herriko kaleetan zehar. Arratsaldean aldiz, Gabon abestien lehiaketa egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan Erkibe Kultur Elkarteak antolatuta. Iluntze parean Olentzero Goiko torretik behera jaitsiko da astoan, joaldunen laguntzarekin, eta Arranplan Gomezagorekin egingo du topo.

Hilaren 30ean, bertsolari gazteen saioa izango da Oxford aretoan eta urteko azken egunean San Silbestre VII. Biko lasterketa mistoa herriko gazte zein helduentzat.

Aurten, berrikuntza gisa, Gabonetako haur parkea izango da, hilaren 27 eta 28an herriko kiroldegian. Sarrera 2€koa izango da eta ordutegia aldiz, 11:30-13:30 eta 16:30-19:30 bitartekoa. Parkean puzgarriak, txiki zein gazte txokoak eta hainbat tailer egongo dira, besteak beste.  

Ongi etorri 2017

2016. urtea San Telmo ermitatik agurtu eta urte berriari ongi etorria eman ondoren, Erregeen bisita prestatzen hasiko da Zumaia. Horrela, urtarrilaren 4an, haurrek Erregeei idatzitako eskutitzak jasoko dira Eusebio Gurrutxagan eta hilaren 5ean, iaz bezala, dromedario gainean iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak Zumaiara, arratsaldeko 18:30ean.

Tokiko merkataritzari bultzada emateko, erakusleiho lehiaketa antolatu du aurten ere Udalak Zumaiako Merkatari Elkartearekin batera. Lehiaketaren helburua da saltokiek Eguberrietan erakusleihoak apaintzeko egiten duten lana eta esfortzua eskertu eta saritzea.  Lehiaketaren Sari banaketa abenduaren 30ean eta 31an egingo da.