Banatu dira Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sariak

Baleike 2016ko abe. 1a, 23:25

Gaur arratsaldean banatu dira Alondegiko Oxford erakusketa aretoan Julene Azpeitia 29. ipuin lehiaketako sariak. Poesia eta musika uztartzen zituen ekitaldi batek eman dio jarraipena.

Zumaiako Udaleko euskara teknikari Josune Herrartek azaldu duen bezala, 41 izan dira aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanak. Epaimahaiak hiru sarietatik bi eman ditu. Izan ere, bigarren saria zumaiar bati egokitu zaio, Izaskun Ruiz Ibarrari. Beraz, zumaiarren saria ez ematea erabaki zuen epaimahaiak. Jon Iraola zinegotziak eman dio 1.500 euroko saria.

Irabazlea Mikel Zubeldia Etxeberria idazle donostiarra izan da. Herrartek gogoratu duenez, azken urteotan lanik ez du aurkeztu lehiaketara idazle honek. Bai, ordea, aurreko lehiaketatan. Izan ere aurtengoarekin lau alditan irabazi du Zumaiako ipuin lehiaketa hau. Oier Korta alkateak eman dio 3.000 euroko saria.

Saria jaso ondoren, idatzi bat irakurri du. Honako hau:

Aitatxoren txorakeriak

Eskerrik asko sariagatik, antolakuntzagatik eta hona etorri zareten guztiori. Sekulako gozamena da berriz ere zuen artean izatea.

Nire alaba zaharrena Estibalitzek dio, aitatxok txorakeriak idazten dituela... Umeek ez dute gezurrik esaten. Bai. Bizitzako txorakeriez idaztea atsegin dut. Barrua inarrosten didaten txorakeriez. Txorakeria tragikomikoez. Zikintzen eta markatzen duten txorakeriez...

"Goiz negu, bi negu" ipuin txoroa da, inon txororik bada. Urrutiko herri batean gertatzen den arren, oso gertuko ere gerta liteke. Azken finean munduko zoko ezberdinetako biztanleak ez baikara uste dugun bezain ezberdin.

Ipuin honen oinarrian benetan gertatutako pasadizo bat dago. Thoreau idazle amerikarrak idatzi zuen bere "Neguko paseo bat" liburuan: "naturan badela lur-azpian loguratutako su bat, sekula desagertzen ez dena, inolako hotzek izoztu ezin dezakeena. Lurrazpiko su horrek gizon ororen bularrean du habia. Izan ere, egun hotzenean, eta mendi malkar latzenean, bidaiariak berokiaren tolesduretan inongo etxetan izan dezakeena baina su epelagoa gorderik baitauka.

Eta "Goiz negu, bi negu" ipuinaren bitartez Hegoafrikako negu gorrian, bertako familia baten baitan topatu nuen barruko su epel horretaz, goxotasunaz, eta minaz, hitz egin nahi nuen. Idatziaz, ikusitakoari logikaren bat topatzeko sikiera. Bizitzaren txorakeriari, zentzua topatzearren.

"Goiz negu, bi negu". Txorakeria galanta. On egin dizuela!