Santiagoko dunako pinuen herena kenduko da, ez guztia

Baleike 2016ko aza. 29a, 11:21

Santiagoko dunan dauden pinu guztiak kenduko zirela iragarri zuen orain astebete Zumaiako Udalak. Babes maila berezia eskatzen duen ekosistema hori garatzeko espezie inbaditzaileak kentzea beharrezkoa zela zioen oharrak eta horien artean pinuak kokatzen zituen. Informazioa, baina, ez zen zuzena: Santiagoko dunetan dauden pinuen herena besterik ez da kenduko. Besteak, oraingoz, bere horretan mantenduko dira.

Hala adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez. Kanpaina hau Life + Arcos izeneko egitasmo baten baitan sartzen da. Kantabria eta Euskadi artean banatuta, Natura 2000 Sareko hamar naturgunetan ari dira egitasmoa egiten. Foru Aldunditik adierazi dutenez, proiektuaren muina "dunetako ekosistema horien kontserbazio egoera hobetzean datza". Lanak iaz hasi ziren eta beste hiru urtez luzatuko dira.

Gipuzkoari dagokion aldetik, Zarautzen eta Zumaian egingo dira lan horiek. "Zumaiako Santiagoko hondartza Urolaren Itsasadarraren Kontserbazio Bereziko Eremuaren behe muturrean dago eta Eusko Jaurlaritzak harentzako 2013an onartu zituen kontserbazio neurriek aurreikusi egiten dute, besteak beste, balio naturalistiko gehien duten eremuetara jendea sar ez dadin hesitzea, dunetako landaretza inbaditzailea bertatik erauztea eta dunetako landare egituratzaileak zein mehatxupean daudenak birsartzea”, adierazi dute Aldundiko teknikariek.

Santiagoko hainbat eremu dagoeneko hesitu ditu Kostetako Zuzendaritzak eta Aldundiak zenbait landare inbaditzaile ere kendu ditu. Inbaditzaileak diren horien artean daude Zuloagako lorategitik hondartzara zabaldu diren itsas pinuak (Pinus pinaster). "Jatorriz bertakoak ez diren konifero hauek Santiagoko haretegian zehar hedatzen ari dira eta, bide batez, horren habitat urria, berezia eta zaurgarria den dunaren berezko ezaugarriak eraldatzen".

Dunarentzako onuragarria izan daitekeen pinu kentzeak izan dezake, baina, eragina inguruko beste espezie batzuetan, Aldundiaren ustetan: “Pinudiaren babesean berriki ezagutu diren orkideoek eta perretxikoek, haien babesa eta itzala galduz gero, atzera egin dezakete”. Pinuek sortzen dituzten bi eragin horien arteko orekaren bila, erdibideko konponketa aurkitu dute: “Pinudiaren itsasaldeko zatia (irudian, gorriz inguratuta agertzen dena) botatzea aurreikusten du eta atzeragokoari, Zuloagaren sailetik gertuago dagoenari, tartean aleren bat edo beste kentzea".

Aurreko aldean egiten den mozketak zuhaitzak handik desagertzea du helburu; errespetatzen den zatian, aldiz, itzala eta zuhaitz babesa mantenduko litzateke baino funtzio hori, pinuen ordez, bertako landareek, autoktonoak diren espeziek, beteko lukete. "Horretarako, unada horretan tarteka kentzen diren pinuak pixkanaka artelatz (Quercus suber), gurbitz (Arbutus unedo) eta txorbeltzez (Rhamnus alaternus) ordezkatuko genituzke”. "Guztira, egun daudenetatik, mozketak, gehienez heren bati eragingo lioke, 45 oin ingururi”, gaineratu du Aldundiak.

Euskal Herriko dunen erreferente

"Datorren urtean zehar inbaditzaileak kentzen jarraitzeko asmoa dugu”, adierazi dute teknikariek, "ez momentuz pinurik, eta datorren negurako utziko genuke mehatxatutako eta berriki desagertutako espezie batzuk birsartzea. Gauzak ondo, Zumaiako Santiago, Euskal Herriko dunen erreferente bihurtuko da, bai hartu duen azaleragatik zein bertan sortu den landaretzaren aniztasun eta berezitasunengatik.