Joan den igandean Itzurunen Zumaia Bodyboard Pro 2016 proba irabazi ondoren aitortu zigun hasiera batean ez zeukala Azoreetako probara joateko intentziorik, baina Zumaian irabazi ondoren aukerak zeuzkala Europako Tourra irabazteko, eta joango zela ziurrenik. Eta ez da erabakiaz damutuko, Azoreetan berriro onena izan baita. Gainera, Zumaian ez bezala, munduko txapeldun Pierre-Louis Costes izan du aurkarien artean, eta hura gainditzeko gai izan da zumaiarra. Costes izan da Europako Tourreko irabazlea azken lau aldietan, eta orain Alex Urangak hartu dio erreleboa.
Ez da Azoreetan parte hartu duen zumaiar bakarra, Ander Odriozola ere bertan izan baita. Ezin izan du lehen kanporaketa gainditu, Anas Haddar –Zumaian finalista– eta Rodrigo Rijoren aurka.