Bodyboard txapelketa, itsasoa baretu zain

Baleike 2016ko aza. 19a, 19:43
Eguerdian erabaki dute txapelketa biharko uztea. Argazkia: Gorka Zabaleta

Gaur ere bertan behera utzi behar izan duten Itzurunen jokatzekoa den Europako Bodyboard Zirkuituko proba, itsaso handiegia zegoelako. Bihar goizeko 8:00etan saiatuko dira berriro.

Goiz osoa eman dute riderrek Itzurunen, txapelketa abiatzeko itsasoa hobetu zain. Eguerdi partean proba saioa egin dute Alex Urangak, Ander Odriozolak, Beñat Elosuak eta Ivan Castelo galiziarrak, uretan bertan neurtzeko txapelketa joka zitekeen edo ez. Zalantzak izan diren arren, azkenean epaileek eta antolatzaileek erabaki dute ez arriskatzea eta txapelketa biharko uztea.

Iragarpenen arabera, bihar pixka bat jaitsiko da olatuen tamaina, eta hego haizeak ere arinduko du olatuen indarra. Goizeko zortzietarako deitu dituzte parte-hartzaileak, hasi eta buka, kanporaketa guztiak jarraian jokatzeko planarekin. Bihar ezingo balitz jokatu, behin betirako bertan behera geratuko litzateke txapelketa, ez baitago gehiago luzatzeko edo atzeratzeko aukerarik.