Infernutik paradisura bitarteko bidaia egingo du ZUMBek larunbatean

Baleike 2016ko aza. 16a, 15:53

Zumaiako Udal Musika Bandak eta Esti Curiel aktoreak Danteren La divinna commedia liburuan oinarritutako kontzertua emango dute larunbatean komentuan, Xixili Egunaren aitzakian.

infernuko zulotik paradisura bitarteko bidaia egin zuen Dante Alighieri poetak bere lan ezagunenean, La Divinna Commedian. Arte historiaren lan garrantzitsu hau hartu du gai bezala Zumaiako Udal Musika Bandak (ZUMB) Xixili Egunaren harira antolatuko La Divina Comedia kontzerturako. Bandak Esti Curiel aktorearen laguntza izango du larunbatean egingo den kontzertuan (19:00etan, Komentuan).

Zapatuan ikusi eta entzun ahal izango den emanaldi hau orain bizpahiru urte aurkeztu zen Altsasun. Estrenuko saio hark izandako erantzun onaren ondoren sortu zen kontzertua Zumaian ere jotzeko ideia. "Aspalditik genuen kontzertu hau emateko gogoa", azpimarratu du ZUMBeko zuzendari Joxe Mari Azkuek. Kontzertu honetan bandak joko duen musikaren xehetasun handirik ez du eman nahi zuzendariak; misterioa gorde nahi du. "Musikari bezala jo dut kontzertu hau eta badakit zer lortu nahi dudan".

Azkuek nabarmentzen du joko duten musikak ezin hobeto islatzen duela Danteren liburua. "Kontzertuak hasiera, erdia eta bukaera izango ditu, antzerki baten antzera, eta musikak oso ondo erakusten du infernuko bakardadetik paradisura bitarteko bidaia hori. Zentzu horretan oso progresiboa da", dio zuzendariak.

Bandarentzat erronka handia dela azpimarratu du. "Zuzendari naizenetik konplexuena izango da. Arrisku handienak ere agian hemen hartu ditugu". Bandako kideek beraien instrumentuak jotzeaz gain, beste lan batzuk ere burutu beharko dituzte, "abestu eta baita soinu efektuak egin ere".

Esti Curielek, aldiz, narratzaile baten papera egiten du kontakizuna eta musika tartekatuko dituen ekitaldi berezi honetan. "Liburuko pertsonaia bat naiz ni eta Dantek egindako bidaia kontatzen dut. Infernu horretan bitxia da pekatuak zer ordenetan jartzen dituen. Lapurretak garrantzia txikia dute, baina, apezpikuak, adibidez, pekatarien maila gorenean jartzen ditu. Ustelkeria oso presente dago obra osoan".

Narrazioa prestatzeko obrako zenbait bertso eta zati hartu ditu Curielek, gero moldaketa bat egiteko. "Beldurrak ere pizten zaizkit. Nire zalantza guztiak agerian geratzen dira, Danteren bidaian bezala, baina bidaia honetarako Banda lagun ona da, talde oso ona da", goraipatu du aktoreak.

"Narratzailearen bitartez musikak espresatzen ez duen guztia azaltzen da", dio Azkuek. "Eta alderantziz", erantzun dio Curielek. "Musikaren bidez hobeto azaltzen da kontakizuna. Istorioa imajinatzen ere laguntzen du".

Ez da lehen aldia ZUMBek eta Esti Curielek kontzertu batean kolaboratzen dutela. "Gulliver-en bidaiak, Carmen edo ZUMB Cluben izan nintzen. Hauen handiak izan ziren. Baina gero beste batzutan ere izan naiz. Bandan flauta jotzen nuen eta jotzeari utzi niola hamar urte pasa badira ere, oraindik Bandako kide bezala  ikusten dut nire burua eta pozik nago horrekin".