'Arriya' eta 'Gazta zati bat' pelikulak emango dira Bilbon Zine Kontari zikloan

Baleike 2016ko aza. 9a, 11:37

SGAE Fundazioak, Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkartearen eskutik, aurten ere Zine Kontari 2016 deritzon zinemaldia abian jarri du. Euskara hutsean idatzi eta egindako zinema erakustaldia da, alegia, Bilboko Campos Eliseos Antzokian gauzatuko dena, eta bertan izango da zumaiarren presentzia.

Jon Maiaren Gazta zati bat eta Alberto J. Gorritiberearen Arriya emango dira. Kandido Uranga buru duen Amama ere emango da. Pase guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.

- Azaroak 28, astelehena: Gazta zati bat (2001, 99 m.). Euskal gatazkari buruz Jon Maiak egin duen dokumentala da, giza ikuspegi hurbilago batetik eta historia zein kontaera periodistikoek azaldu dutenagatik haratago. Xabier Solano eta Zigor Lanpreren musikarekin eta Juantxo Sardonen argazkiarekin.

- Azaroak 30, asteazkena: Arriya (2011, 101 m.). Euskal Herriko mugan den herri batean bizi diren hiru gazteren istorioa da honakoa, amaierarik gabeko dolu baten istorioa, alegia. Alberto J. Gorritibereak idatzi eta koordinatu duen lana dugu, Iban Garate, Begoña Maestra eta Sara Casanovas protagonista dituela.

- Azaroak 1, osteguna: Amama (2015, 103 m.). Familia baten belaunaldien arteko gatazkaren istorioaz ari gara, iragana eta etorkizunaren arteko liskarra, Asier Altunaren zuzendaritzapean eta bere gidoiarekin ere. Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Iraia Elias, Amaparo Badiola, Klara Badiola, Ander Lipus eta Manu Uranga, protagonistak.