baleike.eus

Urola Kostako ekonomiaren egoera islatu dute 'Ekonomia Gurean' saioan

Aritz Mutiozabal-Zarauzko Hitza 2016-11-08 17:12   Ekonomia

Ekonomia Gurean telesaioaren atala grabatu dute gaur goizean Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko aretoan, eta 80 lagunek jarraitu dute zuzenean grabaketa. Tokikomek antolatu du saioa, Baleike, Erlo Telebista, Karkara eta Zarauzko Hitzarekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. 

Urko Aristi kazetariak gidatuta, gaur egungo egoera ekonomikoaz eta etorkizunaz aritu dira solasean ondorengo gonbidatuak: Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaile Miren Estensoro, ieTeam-eko zuzendari orokorra eta Wavegarden-eko promotore Iñigo Ugarte eta Engranajes Juaristi enpresako gerente Anabel Juaristi. Guztien artean, bailarako ekonomiaren argazkia egiten ahalegindu dira.

Urola Kostak (Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orio) 42.112 biztanle ditu, eta Gipuzkoarekin eta beste eskualde batzuekin konparatuta, erdibideko lehiakortasun maila duela azpimarratu du Miren Estensorok. Positiboak diren hainbat adierazle badituela gaineratu du; adibidez, BPG per capita (Barne Produktu Gordina per capita) maila batez bestekoaren gainetik kokatzen da, 28 mila euro ingururekin, eta langabezia tasa ere batez bestekotik "pixka bat hobetoxeagoa da, %12".

Bailarak ehun produktibo "oso dibertsoa" duela adierazi du Orkestrako ikertzaileak. 3.600 enpresa inguru ditu, sei bat sektoretan banatuta, eta "hori ez da hain ohikoa beste eskualdetan. Alde horretatik, puntu garrantzia da". Adibide gisa, turismoak duen garrantzia jarri du mahai gainean, eta sektoreak izan duen dibertsifikazioa nabarmendu du: kirol turismoa eta geoturismoa, kasu.

Okupazioari dagokionez, manufakturan baxuagoa da eta zerbitzuetan berriz, altuagoa. Dena dela, beste eskualde batzuetan zerbitzuetan altuagoa ere badela zehaztu du Estensorok. Adierazgarri gisa, "nekazaritzan eta arrantzan enplegu tasa altuenak ditu Gipuzkoa mailan". Horri lotuta, txakolinaren eta kontserben ekoizpenetan eman den espezializazioa aipatu ditu.

Anabel Juaristiren arabera, egoera ekonomikoak hobera egin du. "Gure enpresaren kasuan, joan den urtera arte oso laua izan da. Ekoizpen jarduera handirik gabeko urteak izan dira krisiagatik. Iaztik, ordea, hobetze bat egon da". Iñigo Ugartek hartu-eman zuzena du hainbat enpresekin eta bat egiten du Juaristiren ikuspegiarekin: "Ikusten da aurrera goazela, mugimendua badagoela, eta horrek bestelako poztasun bat ematen du".

Gaztea eta kualifikatua

Bailarako biztanleriaren batez bestekoa oso gaztea da, eta Donostiaren ondoren, kualifikazio maila altuena du. Gainera, kokaleku egokia du komunikazio aldetik, eta errepide sare nagusia bertatik igarotzeak "mesede" egiten diola azaldu du Estensorok. Baina horren guztiaren ehun produktiboa ez omen da igartzen: gazteak bertan lan egin ordez, kanpoan lan egiten dutelako, beste eskualde batzuetako industrietan. Zentzu horretan, bailarak estrategia ekonomikoak zehaztu beharko lituzkeela iradoki du Estensorok.

ieTeam enpresako kide Iñigo Ugartek pertsonak direla lehentasun nabarmendu du. "Sekulako aurrerapen teknologikoa izanda ere, jenderik gabe jai dago". Hemendik 5-7 urtera lanerako jendea beharko dela adierazi du, demografia beherantz doalako, eta lanean erakargarritasuna ezinbesteko ezaugarria izango dela. Horretarako, lanpostu ezberdinak sortu behar direla dio Ugartek.

Etorkizuneko lanpostuak "sormenezkoak" izango direla uste du Juaristi, eta "ez horren errutinazkoak". Horren harira, eta enpresa ikuspegitik, gainerakoetatik bereizteko gauza txikiak eskaini behar direla uste du Engranajes Juaristiko gerenteak.

Nazioartera ateratzeko eta esportazioa bultzatzeko beldurra kentzearen alde agertu da Estensoro: "Apustu egin behar da, nahiz eta ez den erraza". Beste lurralde batzuetako enpresekin lankidetza saretzea ahalbidetu beharko litzatekeela gaineratu du.

Turismoa aukera bezala

Turismoa ere izan dute hizpide, dela zinemagintzak bailaran topatu duen kokalekuagatik, dela surfak azken urteetan erakarri duenagatik. Estensorok "argi-ilunak" ikusten dituela azaldu duen bitartean, Ugartek azpimarratu du batzuentzat arazo dena besteentzat ekonomia bidea dela, batez ere surfaren arloa kontuan hartuta: "Taulak, trajeak, baldintzak, ostatua, jatetxeak... Sektore batetik bestera egiten du jauzi. Hor aukera bat dago eta horrela ikusi behar da. Esparrua borobildu behar dugu". Juaristik, bere aldetik, bertako ekosistema mimoz zaindu behar dela iritzi dio: "Gehiago kostatuko zaigu, baina bere fruitua emango digu".

Saioan hainbat ikus-entzunezko ikusi ahal izan dira; besteak beste, Urola Kostako Udal Elkarteko presidente Igor Iturainek bailarako egoera ekonomikoari buruzko azalpenak eman ditu, eta Maisor kontserba enpresako arduradun Oihana Iribarrek beraien esperientzia kontatu dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa