baleike.eus

Pankartak jartzeko aurrez baimena eskatuko da eta baldintzak bete beharko dira

Baleike 2016-10-25 15:10   Politika

34 artikulu jasotzen ditu ordenantza honek, baina 17.a da zalaparta handiena sortu duena. Pankarta, pintada eta horma-irudien ingurukoa da artikulu hau.

Bileran alkateak gogoratu zuenez, 21 panel jarri dira herriko hainbat puntu estrategikotan kartelak jartzeko. Neurri honek harrera ona izan duela esan zuen eta beste herri batzuetatik informazio bila deitu izan dutela.

Ordenantzaren arabera, izango da kartelak aipatutako gune hauetatik kanpo jartzeko aukera, baita pankartak ere, beti ere aurrez Udalari baimena eskatzen bazaio, «kultura, arte, nahiz kirol arloko gertakizunak, kontzertuak, ikuskizunak, erakusketak» direnean. Pankarten kasuan hauteskunde-kanpainekin lotutakoak jarri ahal izango dira. Onartuak izateko irizpideen artean kartel eta pankarta hauek ezingo dute «iraingarriak izan eta «pertsona eta kolektiboen oinarrizko eskubideak» errespetatu beharko dituzte. Segurtasun arrazoiak medio, ez da baimenik emango pankartak errepide ondoan, kale-argietan, zubietan, hesietan eta abarretan jartzeko, eta «ingurumena babesteko» ez da baimenik emango zuhaitzetan, zubietan, eta ibaitik hurbil dauden antzeko elementuetan jartzeko. Eskaeran eskatzailearen identifikazio datuak, pankartaren edukia eta neurria, kokalekua eta, jabetza pribatuak badira, partikularraren baimena, euste motaren zehaztapena eta zenbat denboraz egongo diren jarrita zehaztu beharko dira. Horma irudien kasuan, zirriborroa eta neurriak ere eman beharko dira.

Gaitutako guneetatik kanpo dauden kartelak udal zerbitzuek kenduko dituzte eta horren gastuak kartelak jarri dituenaren kargura izango dira. Pankarten kasuan, iraungi eta hurrengo bi egunetan kendu beharko dituzte; bestela udal zerbitzuek kenduko dituzte eta gastuak jarri dutenei kargatuko zaizkie. "Ondorio berak eragingo ditu baimenik gabeko edo baimendutakoarekin bat ez datozen pankartak jartzeak".

Ordenantzaren zirriborroa hemen duzue.

Jokabide Zibikoari Buruzko Eta Bide Publikoaren Erabilera- Okupazioa Eta Garbiketa Arautzeko Ordenantza by baleike on Scribd

Erantzunak

Maixa 2016-10-25 15:22 Erantzuna | #1

Inposaketa!!!
Gogoratzen???

Erabiltzailearen aurpegia Idurre 2016-10-25 16:42 Erantzuna | #2

Guk ere, protesta modura zabor poltsak balkoietan zintzilik jarriko ditugu.

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016-10-26 12:04 Erantzuna | #3

Udalak bilera irekia deitu zuen Alondegian, eta deialdian hitzez hitz zioenez "ordenantzaren dokukentua osatzeko hainbat iritzi eta ekarpen jasotzeko, eta herritarren proposamenak eta iradokizunak jasotzeko (ikus lotura: http://urolakosta.hitza.eus/2016/10/14/garbiket...)

Bada, herritarrek hitz egin zuten asteleheneko bileran, dozena erdi batek hartu zuten hitza, eta guztiek bat egin zuten hainbat puntutan:

1. Isunak jartzeko asmoa atzera botatzea.
2. Benetako parte hartze prozesu ireki bat abiatzea, hutsetik hasi eta gaiaz adostasuna lortzeko bidea egiteko.
3. Adostasun hori lortzeko bidea egin bitartean, Udalak kartelak kentzeko otsailetik aplikatzen ari den irizpidea bertan behera uztea.

Beraz, espero dugu, Udalak agindutakoa bete eta herritarren ekarpen horiek kontuan hartzea aurrerago emango dituen pausoetan. Denborak esango digu hala den edo ez.

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2016-10-26 16:38 Erantzuna | #4

KALEA ALKATEARENA DA, BADATOR MOZAL ORDENANTZA
www.baleike.eus/komunitatea/kaleaguztionada/147...

Debekuak, isunak eta kontrol politikoan oinarritutako araua indarrean jartzeko asmoa berretsi zuen alkateak astelehenean hainbat herritarren aurrean. Hitza hartu zuten herritar guzti-guztiak Mozal Ordenantzarekin kritiko azaldu baziren ere, egiazko parte-hartze prozesua abiatzeko eskaerari muzin egin zion.

Alkateak gezurra dio Zumaian jarri nahi duten ordenantza "Gipuzkoako gainerako herri guztietan" ezarrita dagoela dioenean. Eta gainera, badaki. Gaur egun mota guztietako ereduak daude indarrean: ordenantzapean araututakoak bai, baina baita ordenantzarik gabekoak ere, isunik gabekoak, eragileen artean adostutakoak, herrian gatazkarik eragin ez dutenak… Eta horrek gauza bat erakusten du: eskubideak jokoan daudenean garrantzitsuena eztabaida prozesu sakona abiatzea dela, ahalik eta iritzi gehien bilduko duena. Horixe egin beharko litzateke gai honetan ere, iritziak askotarikoak direlako eta hitza guzti-guztiek izan beharko luketelako.

Tamalez, orain arte Udal Gobernu honek guztiz kontrako bidea hartu du. Otsailean inorekin adostu gabe(eta aurrez jakinarazi ere egin gabe) debekuak inposatu zituen kalean. Eta orain debeku horiei isunak eta kontrol politikoa gehitu nahi dizkie Mozal Ordenantzaren bitartez:

- Kartelak, pankartak, pegatinak, muralak... ALKATEAK ERABAKITAKO TOKIAN baino ezingo dira jarri. Alegia, herritarrok bitartekaririk gabe komunikatzeko eta informatzeko dugun euskarri bakarra mutilatzeko, ghetto kontrolatuak sortu nahi dituzte. "Ez da baimenik emango errepide ondoan, kale-argietan, zubietan, hesietan eta abarretan jartzeko, zuhaitzetan, zubietan, eta ibaitik hurbil dauden lekuetan".

- Kartelak, pankartak, pegatinak, muralak... kalean edozer egiteko ALKATEAREN KONTROLA gainditu behar da. Hau da, politikari batek erabakiko du zein den adierazpen askatasunaren muga. "Identifikazio datuak, pankartaren edukia eta neurria, kokalekua eta, jabetza pribatuak badira, partikularraren baimena, euste motaren zehaztapena eta zenbat denboraz egongo diren jarrita zehaztu beharko dira. Horma irudien kasuan, zirriborroa eta neurriak ere eman beharko dira."

- Kontrol eta debeku horiek guztiak betetzen ez dituenari, ISUNA.

Eta txiste txarra borobiltzeko, "elkarbizitza" eta "elkarren arteko errespetua" sustatzeko omen da ordenantza. Nola sustatuko du ba errespetua eta elkarbizitza, hasiera-hasieratik sekulako tentsio eta haserrea eragin badu, denbora honetan guztian horretaz benetan hitz egin nahi izanez bada, goitik b ehera inposatutako erabakia bada? Nola sustatuko du errespetua, herritarrokiko errespetu faltaz ezarritakoak?

Ez zegoen lekuan sortu dute arazoa
Herritarrekin batera gaia sakonean hitz egiteari beldurra diotelako. Aste honetako bileran hitz egin zuten herritar guztiak kritiko azaldu ziren ordenantzarekiko, eta halere alkateak oso argi adierazi zuen zein den beren asmoa: "bilera honetan entzuteko prest gaude, baina gure asmoa ordenantza hau aurrera ateratzea da". Laburbilduz, bilera bakar batean jendeak esan dezala nahi duen guztia, azkenean alkateak nahi duena egingo baitu.

Aukera paregabea galtzen ari da alkatea, prozesu parte-hartzaile baten bitartez, iritzi ezberdineko pertsonen arteko konplizitatea sortu eta adostasuna bilatzeko. Tamalez, zigorren eskutik, konfrontazioa eta gatazka aukeratu dituzte, oso ondo dakitelako herri mugimenduaren eta sindikatuen gehiengoak ez diola politikari bati baimenik eskatuko herritarrak informatzen jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa