Hitzaldia: Gerrako desagertuen gorpuzkinak berreskuratzeko lanaz

Baleike 2016ko urr. 24a, 16:13

Gerra Zibilean desagertutakoen gorpuzkinak lurpetik ateratzeko lan handia ari da egiten Aranzadi azken 15 urteotan. Lan hauei buruzko hitzaldia eskainiko du Lourdes Herrasti antropologoak, bihar asteartea, Aita Marin (19:00etan). Azaroaren 2an Josu Chuecak hitz egingo du erbesteratzeaz. Hemen oroimen historikoaren harira osatu duten egitaraua:

hitzaldiak

Urriak 25. Lourdes Herrasti: Gorpuzkinak ateratzen, duintasuna berreskuratzen. Aita Mari aretoan, 19:00etan. Historialaria eta antropologoa da Herrasti, Gerra Zibilaren garaian desagertutakoen gorpuzkinak lurpetik ateratzen jardun duen Aranzadiko lan-taldeko kidea. 2000 urtetik aurrera proiektu honetan dihardute, egia, justizia eta erreparazioa lantzen, Nazio Batuen doktrinaren irizpideari jarraituz.

Azaroak 2. Josu Chueca: Erbestea. Alondegiko ganbaran, 19:00etan. Gerraren hasierarekin batera, euskal herritar askok beren etxeak utzi eta erbestera joan behar izan zuten. Historialariak Gerrak eragindako erbestearen gaia landuko du.

Erakusketa

Urtarrilaren 11tik 22ra. Izenburua: Gorpuzkinak ateratzen, duintasunak berreskuratzen. Oxford aretoan, astegunetan, 17:00etatik 20:00etara. 2000 urtetik hona Gerra Zibilaren garaiko hobiei buruz egin den ikerketa lana erakusten da. Gorpuzkinak lurpetik ateratzeko prozesuaren alderdi zientifikoa eta giza alderdia argazkien bidez erakusten da, pertsona desagertuen senideei arreta berezia eskainita.

Oroimenaren bulegoa

Urriaren 25etik azaroaren 17ra. Gerra Zibilaren eta gerraostearen inguruko edozein informazio emateko aukera izango dute herritarrek bulego honetan. Turismo bulegoan zabalduko dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Harremanetarako: 943466142, 699809130 eta esanz@aranzadi.eus.