"Ez al dugu Udalaren erantzunik merezi?", galdetzen du ZIIZ taldeak

Baleike 2016ko urr. 6a, 21:28
Ezkerretik, Javier Carballo, Rafael del Pilar, Pedro Etxabe, Oihana Artetxe eta Xabier Alvarez. Atzealdean, Urolako estazio zaharra.

Taldeko kideek salatu dutenez, Udalak ez die erantzun martxoan egindako eskakizunei. Urolako estazio zaharrean erakusketa iraunkor bat jartzea bideratzea eta Narrondoko zementugintza fabrikaren arrastoak babestea dira eskerak. 

Zumaiako Industria-Ondarearen Informazio Zentroko (ZIIZ) kideek galdu dute pazientzia. Martxoan udal ordezkariekin bildu ziren egindako eskakizunei idatzizko erantzuna lortzeko. «Orain arte...». Bilera hartatik zazpi hilabete igaro eta erantzunik jaso ez dutela ikusita, beraien eskakizuna publiko egin dute.

Pedro Etxabe, ZIIZeko koordinatzailea aritu da goizean emandako prentsaurrekoan bozeramaile lanetan. Taldeko kide Xabier Alvarez, Javier Carballo, Oihana Artetxe eta Rafael del Pilar ere bertan izan dira.

ZIIZ proiektua 2009an sortu zen, "ikusita Europa mailan zer garrantzia ematen zitzaion industria-ondareari. Hemen, aldiz, industriari lotutako herria izanda ere, garrantzia handiko fabrikak desagertzen joan dira. Gure asmoa historia hori berreskuratzea izan da", azaldu du Etxabek.

Hala, hainbat artxibotan aritu dira informazio bila eta dokumentazio mardula bildu dute. Denbora honetan bederatzi hitzaldi ere antolatu dituzte eta baita arrakasta handiko erakusketa bat muntatu ere. «2.500 lagun pasa ziren Oxfordetik», nabarmendu dute. Dokumentazio hori jasotzen zuen web gunea ere zabaldu dute.

Dokumentazio horrekin erakusketa iraunkor bat egiteko ideia sortu zitzaien. "Orain bi legealdi moilan dagoen Urolako estazio zaharra eskuratzeko asmoa azaldu zuen Udalak, nahiz eta azken unean ezerezean geratu zen. Turismo bulegoa bertara eramatea proposatzen zen eta guk egoki ikusi genuen erakusketa iraunkorra goiko solairuan jartzea".

Eskutan duten beste proposamena Narrondo auzoan dagoen La Zumayana enpresaren fabrikaren arrastoak gordetzea da. "Zementugintza izan zen Zumaiako industriaren abiagailua. Han egiten zen zementua, Zumaya izenekoa, erabili zen, adibidez, Zumaiako portua egiteko". Erakusketa iraunkorrarena bezala, proiektu hau ere Udalean aurkeztu zuten pasa den legealdian. "La Zumayanaren kasuan Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearekin (IOHLEE) lankidetzan prestatutako txostenean arrasto horien balorazioa egin zen aurretik urrats bezala". Txostenaren arabera, "aparteko ondare-balioa nabarmentzen da, bai udal nahiz Euskadiko Autonomia Erkidego mailan".

Pasa den urtean, baina, aldaketa izan zen Udal Gobernuan eta EAJk hartu zuen boterea. Ordutik hirutan elkartu direla adierazi dute ZIIZekoak. "2015eko irailean egin zen bileran moilako estaziorako eta La Zumayanarako genituen ideiak kontatu genien. Erantzun ziguten anbulatorio zaharrerako interesa zuten beste jende bat ere bazegoela. Abenduan beste bilera bat egin genuen eta han esan ziguten eraikin horretarako beste proiektu bat zutela".

Aurtengo martxoan izan zuten azken bilera. "Esan genion bi proiektuei buruzko erantzuna idatziz nahi genuela. Urrian gaude eta ez dugu erantzunik jaso. Horregatik publikoki eskatzea erabaki dugu. Guk ez dugu biltzeko arazorik. Baina denbora aurrera doa, ari gara gauzak egiten eta Udalaren erantzuna behar dugu". Okerrena isiltasuna dela nabarmentzen dute. "Hori da txarrena, erantzun eza, ez al dugu erantzunik merezi?".