Emakumeen trainerua, osatzeko bidean

Baleike 2016ko ira. 24a, 09:50

Gauzak ondo bidean, datorren urtean emakumeen trainerua uretan izango du berriro Zumaiak. Dagoeneko hamabi arraunlari prest agertu dira, eta lanean ari dira gutxienez beste bost proiektu berrira erakartzeko. Klubeko presidente Anjel Etxaniz baikor agertu da.

Aurten emakumeen trainerurik ez da izan uretan, baina zenbait arraunlari ez dira geldirik egon. Batel eta trainerilen denboraldia Zumaian egin zuten, eta gero beste traineru batzuetan (Orion, Hibaikan...) osatu dute uda partea; baina, Zumaian berriro taldea osatzeko itxaropena galdu gabe. Horrela, abuztuan egin zuten lehen bilera lehendik maila gorenean ibilitako zenbait arraunlarik eta denboraldi berrirako jubeniletatik senior mailara pasako direnek, eta han ikusi zuten bazegoela taldea osatzeko aukera: hamar bat arraunlari agertu ziren orduan traineruan parte hartzeko prest.

Klubarekin ere bildu dira orduz geroztik eta denak lanean jarri dira trainerua berriro uretan egon dadin. Herenegun egin zuten orain arteko azken bilera, eta dagoeneko 12 arraunlari agertu dira prest. Arraun Elkarteko presidente Anjel Etxanizen iritziz, badago oinarria datorren urtean emakumeen trainerua osatzeko: "Nik uste dut baietz, taldea osatzea lortuko dugula; aurkeztu direnak gogotsu daude eta falta direnak ekarriko ditugula pentsatzen dut". Batetik, oraindik ere zalantzan dagoen arraunlari ohiren bat animatu den esperantza dute; bestetik, beste klubetan zer mugimendu dauden ikusi nahi dute, aukerak sor daitezke eta.

Beste bi urtez presidente

Hilaren 28an egingo du arraun elkarteak zuzendaritza berria aukeratzeko batzarra. Gaur egun lanean ari den zuzendaritza taldeak baino ez du aurkeztu hautagaitza; beraz, oker handirik ez bada, Anjel Etxanizek jarraituko du presidente: "Beste bi urtez jarraituko dut postuan, eta gero beste batzuk etor daitezela lanera. Gure helburu nagusia hasieratik izan da klubaren zorra kitatzea, eta hori lortzeko bidean gaude". 

Gizonezkoen traineruei dagokienez, datorren urtean ere bi talde osatzea da klubaren helburua. "Guretzat oso garrantzitsua da bi traineru izatea, horrek taldeari jarraipena ematen diolako; ez da erraza izango, baina saiatuko gara biak osatzen". Lehen taldean zer baja egongo diren, oraindik ez dakite arraunlarien asmoen berri. Ostiralean dira biltzekoak. "Ostiralean bilduko gara guztiekin, urteko sariak banatu eta hurrengorako bakoitzak zer asmo duen jakiteko. Espero dugu taldeko gehienek jarraitzea, azken urteotan egindako lanari segida eman ahal izateko, talde honek oraindik hazteko aukera handiak dauzkalako". Bileraren ondoren, Urberun egingo dute afaria, denek elkarrekin.