Ardantzabideko Plan Bereziaren behin-behineko txostena onartu du Udalak

Baleike 2016ko ira. 21a, 15:58
Ardantzabideko mugikortasun arazoak konpondu nahi ditu Plan Bereziak.

Ostiralean argitaratuko da Ardantzabideko Plan Bereziaren txostena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta egun hortatik aurrera zumaiarrek 20 egun izango dituzte beren proposamenak eta alegazioak aurkezteko. Ardantzabideko mugikortasun arazoei irtenbidea ematea da planaren helburua, "betiere auzotarrak babestuz eta lehentsiz".

Ardantzabiden saltoki handi bat jartzeko proiektua aurrera doala ikusirik, mugikortasunaren ikuspegitik sor ditzakeen arazoen aurrean kezka agertu dute auzotarrek. Azalera handia hartuko du saltokiak, baina aparkaleku berririk ez du sortuko, etxe azpietan dagoeneko bizilagunen parkinak daudelako. Udalak bilera egin zuen auzotarrekin irailaren 5ean, eta han jasotako ekarpenak aztertu ostean, Ardantzabiderako Plan Berezia landu du, mugikortasunean egon daitezkeen arazoei aurre hartu nahian.

Behin-behineko txostena da oraingoz landutakoa, eta ostiralean argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Zumaiarrek 20 eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko. Horretarako, mugikortasuna@zumaia.eus helbide elektronikoa sortu du Udalak.

Txostenak, besteak beste, auzoko aparkalekuen ehunekoak zehazten ditu: %75 egoiliarrentzat (bertakoentzat) gordetzea eta gainerako %25 aparkaleku libre gisa eskaintzea. Neurri horren bitartez egun Ardantzabiden dagoen aparkamenduaren egoera zuzendu eta bertako bizilagunen mugikortasuna hobetu nahi du Udal Gobernuak, "horretarako auzotarrei beren beharretara egokitutako irtenbidea eskainiz".

Txostenaren dokumentuak hemen kontsulta ditzakezue: zumaia.eus