Juan Luis Saez (kanpina):“Ez gaude autokarabanentzako gune baten aurka, baina erregulatzeko eskatzen dugu”

Baleike 2016ko ira. 8a, 10:32

Zumaia leku erakargarria bihurtu da azken urteotan autokarabanentzat, besteak beste, Udaletik emandako erraztasunei esker. Baina badago zer hobetu, Zumaia Kanpineko Juan Luis Saezek elkarrizketa honetan ohartarazi duenez.

Zein da autokarabanekin Zumaian dagoen arazo nagusia?
Hasteko, garbi utzi nahi dut kanpinetik ez gaudela inola ere Zumaian autokarabanentzako gune bat izatearen aurka. Egindako galderari erantzunez, Zumaian autokarabanekin dugun arazo nagusia da ordenantzarik ez dagoela. Ordenantzarik gabe, autokarabanak hona etortzen dira eta nahi dutena egin dezakete, askatasun osoz. Herrian araudirik egon ez arren, DGTek badu zirkulazio arautegi bat, Zumaian betetzen ez duten arautegi bat. Legeak dioenaren arabera, ezin da kanpatu ez herrigune, ez aparkaleku, ezta bide publiko batean. Aparkatu soilik egin dezakete kanpatzeko baimen berezi bat ez badago gunean. EAEn kanpinak eta kanpatzeko beste turismo motak arautzen dituen 396/2013 dekretuan dago jasota hori.

Zer egiten dute gaizki Zumaian legea ez errespetatzeko?
Zumaian gehienek kanpatu egiten dute, ez aparkatu. Autokarabana aparkalekuaren mugen barruan uzten dute, baina leihoak zabaldu, toldoak ireki, mahaiak atera, etab. egiten dute, eta hori kanpatzea da. Horregatik autokarabanek ez dute zirkulazio arautegia errespetatzen. Izan ere, aparkatuta dagoenean, ibilgailuak ezin ditu hartzen dituen mugak handitu. Barruan lo egin dezakete, baina ez dute hori bakarrik egiten.

Zein da zure proposamena arazo honi aurre egiteko?
Udalak, lehendabizi, zer egin nahi duen erabaki behar du. Pasa den urtera arte, portuko araudiak jarraitzen ziren, gutxi gorabehera bada ere. 35 autokarabana onartzen ziren gehienez 48 orduko epemuga batean. Hala ere, inork ez zuen behar bezala erregulatzen. Aurten, ordea, kartela bera ere kendu egin dute. Bere garaian portuko gunea irekitzea erabaki zen, baina Lagun Arteakoa kentzeko, edo hala ulertzen zen, behintzat. Baina orain, bi horiek mantentzeaz gain, gune gehiago ere hartzen hasi dira autokarabanak. Izan ere, nik ikusi ditut Santiagoko hondartzako aparkalekuetan eta Ayradurex aurrekoetan , eta urtetik urtera gehiago izango dira. Beraz, lehenik eta behin, uste dut Udalak posizionatu egin behar duela. Hasteko, udal arauen barruan sartu beharko lukete, erabaki bat hartuta. Adibidez, aparkaleku bezala soilik jarri, eta kanpatzea debekatu; edo kanpatzeko ahalbidetu hainbat moldaketa eginez, legeak ezartzen duenaren arabera.

Beraz, ez zaudete gustura Udalak harturiko jarrerarekin.
Ez dugu ulertzen kanpinaren proiektuarekin hasi ginenean politikoki EAJren babes osoa jaso ondoren –hauteskunde kanpainan ere aipatu zuten kanpina–, nola orain ez dieten jaramonik egiten gure eskakizunei autokarabanen inguruko arazoa erregulatzeko orduan. Are gehiago arazoak okerrera egin duenean, autokarabanentzako guneak handitzean. Beste udal batzuek erregulatuagoa dute zirkulazio araudia, eta Zumaian ere hori egin beharko litzateteke. Horixe da eskatzen duguna. Izan ere, guk kanpinean bete beharrreko lege zorrotz batzuk errespetatzen ditugu, eta Udalak ordenantza batzuk egin behar ditu, zirkulazioko eta portuko arautegiak betearazteko. Baina ez du egiten. Horregatik, kanpinean beren desadostasuna agertzen diguten herritarrei eskatzen diegu udaletxera ere joan daitezela, han ere jakin dezaten.

Zertan datza aipatu duzun portuen lege hori?
Portu Zuzendaritzak autokarabanak eta autoak bertan aparkatzeko baimen bat eman du 2016ko uztailaren 19an emandako erresoluzio baten bidez –00237/2016/OE–. Erabaki horren arabera, zirkulazio arautegia errespetatu behar da, baita EAEko 396/2013 dekretuak dioena ere. Ur zikinak botatzeko eta garbiak hartzeko zerbitzu bat eskaini behar da, 48 orduz gehienez egon daiteke ibilgailua aparkatuta, baina ezin da kanpatu. Baimena autoek zein autokarabanek aparkatu ahal izateko eman denez, aparkatu dezaketen autokarabanen kopurua mugatzea aholkatzen du. Halere, hori guztia ez da behar bezala betetzen, eta munizipalek, bertatik pasatzen direnean, ezer gutxi egiten dute.

Nola eragiten dio egoera honek zure negozioari?
Lagun Artea ondoan dagoen guneak eragiten digu gehien. Bertako autokarabanak zenbatuko bagenitu, gaur kanpinean ditugunen bikoitza da kopurua, eta bi guneetakoak gehituta, hirukoitza edo laukoitza. Sarritan ikusi dugu nola kanpinerako norabidean zetorren autokarabana batek Lagun Artean daudenak ikusi eta nola jo duen bertara, edo Ortizeko biribilguneraino iritsi eta buelta eman duten. Hori dela eta, gertuko beste herri batzuetako kanpinak (hala nola, Oriokoa edo Zarauzko biak) gainezka dauden bitartean, guk % 40 soilik dugu betea. Egia da abuztuan kanpina betetzera heldu garela, baina lehen hamabostaldian bakarrik. Kontuan hartu behar da kanpin honetatik 10 familia bizi direla, tabernakoez gain. Duela gutxi ireki den negozio bat izanda, oraindik ordainketa ugariri egin behar diegu aurre. Beraz, begi bistakoa da kalte handia egiten digula egoerak, eta orain datoz garai gogorrenak, neguan ere zabalik mantentzea zerbitzua eskaini ahal izateko.

Zer uste duzu, autokarabanen jabeek aipaturiko guneetan aparkatzeagatik ordaindu egin beharko luketela?
Ez litzaidake gaizki irudituko, gune horietan, legez, jaso beharko luketen zerbitzuagatik ordaintzea, gainontzeko herritarrok zerbitzuengatik ordaintzen dugun bezala. Hau da, aparkatuta egoteko epemugak errespetatuko balituzte eta ur garbiak hartzeko eta zikinak botatzeko zerbitzua erabiliko ez balute, hori doakoa izatea ondo ikusten dut. Baina beti denborak eta kopuruak kontrolatuta. Baina, esan bezala, Zumaian gune horietan ditugun autokarabanek aparkatu baino gehiago egiten dute, kanpatu egiten dute. Eta hori egiten uzten badiete, ordaindu egin beharko lukete. Azken batean, oporraldia herriaren kontura igarotzen ari direlako.