Maria Lopez: “Rioko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan euskal kirolarien segimendua egingo dugu”

Baleike 2016ko uzt. 27a, 14:07
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

Maria Lopez zumaiarra ere Rioko Joko Olinpikoetan izango da. Bere kasuan, Basque Team taldearen baitan, euskal kirolarien segimendua egingo du. Maialen Odriozolak elkarrizketatu du uztaileko Baleike aldizkarirako. Hemen irakurri dezakezue elkarrizketa.

Maria Lopezen hiru unibertsoak batzen ditu “Got Rio 2016” proiektuak: ikus-entzunezkoak, kirolak eta bidaiak. Hala, proiektu honen baitan Brasilera bidaiatuko du zumaiarrak, kamera eskuan, Rioko Joko Olinpikoen berri ematera.

Ikus-entzunezkoen unibertsoa, batetik. Ibilbide akademikoan zein profesionalen hainbat esparru landu ditu Lopezek (diseinu grafikoa, teknologia berrien arloa…), baina zineman eta errealizazioan espezializatu zenean, aurkitu zuen “benetan betetzen” zuen alorra. Ildo horretatik, proiektu hau bere lanaren erakusleiho bihurtu nahi du zumaiarrak. 

Bidaiatzea, bestetik. Brasilgoa ez du izango nazioarteko lehen esperientzia, aurretik Italian, Polonian eta Erresuma Batuan ere aritu baita ikasitakoa praktikan jartzen. 

Eta, azkenik, kirolak. Hori erakusteko, berriz, nahikoa da Zumaiako Futbol Taldean eman dituen hamalau urteak aipatzea.

Bada, unibertsoz unibertso, Rion ekoitzi nahi dituen ikus-entzunezkoei buruz, ikusi nahiko lituzkeen kirolen inguruan eta bidaiaz espero duenaz hitz egin dio Baleikeri. 

- Zer da zehazki “GOT Rio 2016”? Zein izango da zuen lana Joko Olinpikoetan?

Rioko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan parte hartzen duten euskal kirolarien segimendua egingo dugu Gazteaukera blogean. Elkarrizketak, erreportajeak, argazkiak eta bideoak tartekatuko ditugu bertan. Blogaz gain, Instagrameko eta Youtubeko kanalak ere erabiliko ditugu. 

Zortziko blogari taldea izango gara, eta denen artean eguneratuko ditugu “post”-ak. Taldeko lauk Joko Olinpikoen berri emango dugu, eta gainerako laurak Joko Paralinpikoetan egongo dira. Nire kasuan, Joko Olinpikoetara noa, eta abuztuaren 8tik 16ra egongo naiz Rion.

- Zer dela eta animatu zinen proiektuan parte hartzera?

Facebooken Gazteaukeraren profilaren bitartez izan nuen proiektuaren berri. “GOT Rio 2016” izenak arreta eman zidan eta haren inguruko informazioa irakurtzen hasi nintzen. Dena den, blogariak behar zituztela ikusita, kazetarientzako zela iruditu zitzaidan. Hortaz, koadrilako kazetari bati bidali nion informazioa. Laguna ezin zen aurkeztu, Madrilen dagoelako erroldatuta, baina hark esan zidan bideoekin aurkezteko aukera ere bazegoela, eta horrela hasi zen guztia.

- Lehiaketa baten bitartez aukeratu zaituztete “GOT Rio 2016” proiektuko parte hartzaileak. Nolakoa izan da hautaketa prozesua?

“Euskal selekzioak hamar domina eskuratu ditu Joko Olinpikoetan” gaia jarri ziguten antolatzaileek, eta hainbat formatutan egin zitekeen horren inguruko lana: idatzia, ikus-entzunezkoa, argazki galeria… Nire aukera, errealizazio ikasketak egin nituenez, bideo bat aurkeztea izan zen. 

Arritxu Iribar kazetaria da bideoaren ardatz nagusia; berak kateatzen ditu zati ezberdinak. Protagonistak, berriz, Naroa Agirre pertika jauzilaria eta Iñaki Osa Goikoetxea puntista dira. Hitz gutxitan esanda, domina batengatik lehiatzera iristeko egin beharreko lan guztia du hizpide Agirrek; Iñaki Osa Goikoetxeak, ordea, lan handia egin arren, eta hainbatetan munduko txapeldun izan bada ere, ez du domina bategatik lehiatzeko aukerarik. Kontraesan hori ere islatu nahi nuen bideoan.

- Bideotik zer gustatu zitzaien gehien epaimahaikideei?

 Oso gustukoa izan zutela esan zidaten, asko harritu zituela. Egia esan, pozik nago bideoak izan duen harrerarekin, bidea egiten laguntzen ari zaidala uste dut. Youtuben bisita asko izan ditu, eta baleike.eus-en ere jarri zenuten. Ordutik, jende askok geldiarazten nau kalean nire lana ikusi duela esanez, eta egiten dudana ezagutaraztea oso garrantzitsua da niretzat. Horregatik, sari bikoitza da hau: batetik, saritua izatea errekonozimendu bat izan delako; eta, bestetik, Brasilen beste proiektu bat aurrera eramateko aukera eman didalako.

- Nolakoa izango da Rion zuen egunerokoa?

Egunero blogean sarrera bat egin behar dugu, eta bi egunetik behin, bideo bat. Probak ikusteko, berriz, hiruna sarrera edukiko ditugu. Dena den, gure “planning” zehatza zein izango den oraindik ez dakigu; izan ere, zein ekitalditan egongo garen jakitea falta zaigu.

- Ba al da bereziki jarraitu nahi duzun kirolik? Edo bereziki ikustea gustatuko litzaizukeen finalik? 

Euskal kirolarien segimendua egitera goaz gu, eta beraz, haiek parte hartzen duten ekitaldietan egoten saiatuko gara. Dena den, “GOT Rio 2016” egin den moduan, “GOT London 2012” proiektua ere egin zen aurretik, eta Londresen egon ziren blogariek Usain Bolt ikusteko aukera izan zuten finalaurreko batzuetan. Joko Olinpikoetako kiroletatik ohituago gaude batzuk ikustera, baina Usain Bolt final batean korrika ikustea, hori sekulakoa izango litzateke.

-Iñigo Peña zumaiarra Rion egongo da lehiatzen. Badakizu hura ikusteko aukerarik izango duzun?

Ez dugu kointzidituko, gu abuztuaren 16an bueltatzen garelako Euskal Herrira eta Iñigo 19an lehiatzen delako Joko Olinpikoetan. Beraz, pena da, baina ez dut ikusteko aukerarik izango. 

- Kiniela bat egitera ausartuko al zinateke?

Apustua egin beharko banu, Maialen Chourraut piraguistaren alde egingo nuke. Urrearen bila doa Riora; beraz, aukera asko ditu domina bat eskuratzeko. Aurrekari onak ditu, gainera, duela lau urte brontzezko domina eskuratu zuelako Londresen. 

- Eta zuk, pertsonalki, zein kirolari ikusi nahiko zenuke dominarekin lepoan? 

Hain justu, proiektu honetarako egindako elkarrizketa batean Ainhoa Murua triatleta zarauztarra ezagutu nuen, eta egia esan, asko gustatuko litzaidake hark domina bat eskuratzea. Laugarren aldiz hartuko du Joko Olinpikoetan parte. Orain 37 urte ditu, baina lehenbizikoz parte hartu zuenean 2002. urtea zen eta orduan 28. geratu zen. Gaztea zen oraindik. Atenasen, berriz, 2004ean, 24. geratu zen. Urte horretan, hala ere, atera edo ez zalantzan egon zen, ez zelako ondo sentitzen. Azken Joko Olinpikoetan, berriz, Londresen, urteek emandako esperientziei esker, 7. geratu zen. Ibilbide horrekin merezi duela uste dut. Iñigorekin bezala, honekin ere ez dut kointzidituko, ordea.

Horrez gain, zumaiarra izanik, Iñigok berak ere domina bat lortzeak ilusio handia egingo lidake. Polita izango litzateke domina bat ekartzea herrira. 

-Zer espero duzu maila pertsonalean bidaia honetaz? Eta profesionalean?

Maila pertsonalean ezezagunekin noa; hortaz, nire kideekin harreman ona izan nahi dut eta ahal dudan guztia disfrutatu. Horrez gain, ahalik eta kirolari gehien ezagutzea eta ekitaldi gehien ikustea da gure nahia. Eta behin han gaudela, bada, noski, Rio ezagutzea. Nik uste dut denerako denbora izango dugula, baina behin han gaudela ikusiko dugu ea astirik ematen digun. 

Maila profesionalean, berriz, ematen diguten materialarekin ahalik eta bideo duinenak egitea da nire nahia. Jendeak egiten dudana ikustea nahi dut eta, horrek ateak zabaltzea gustatuko litzaidake. 

Azkenaldian, Rioko Joko Olinpikoen inguruan kirolaren alorrekoak ez diren gaiak ere izan ditugu hizpide; zikak kezkatzen du, eta baita ere jokoetarako beharrezkoak diren azpiegiturak amaituta ez izateak. Zer uste duzu zuk gai horien inguruan?

Egia da Pau Gasolen mailako kirolari bat Riora joan edo ez zalantzan dagoela ikusteak bere eragina duela. Hedabideak zikaren inguruko berriak zabaltzen hasi zirenean “GOT Rio 2016” proiektuaren antolatzaileei idatzi nien, eta lasai egoteko esan zidaten, bidaliko zigutela prebentzio neurrien inguruko informazioa, jarraitu beharreko aholkuak… Askotan, hedabideak ez dira oso argiak mezuetan eta horrek beldurra hedatzen du. Baina esan digutenez, ehuneko handi batek ez du igarri ere egiten ziztada, nahiz eta egia den arriskutsua izan daitekeela hainbat kasutan, haurdun dauden emakumeentzat, adibidez. Dena den, medikuari gure historiala kontatzeko eskatu digute, edozer dela ere. Alde horretatik, ongi kontrolatuta goaz.

Azpiegiturez ere hitz egin genuen “GOT Rio 2016” antolatzeko egin genuen bileran. Guri helarazi digutena da azpiegiturak garaiz amaituko direla. Arazoak izatekotan, sarreren banaketekin, garraioekin... egon daitezkeela. Baina espero dezagun dena ongi joatea.

Non ikusi ahal izango dugu Lopezen lanak?

Lopezek eta “GOT Rio 2016” proiektuko gainerako parte hartzaileek Rioko Joko Olinpikoetan euskal kirolarien inguruan egingo dituzten edukiak hemen jarraitu ahal izango dituzue:

  1. Bloga: http://www.gazteaukera.euskadi.eus/r58-gotrio/eu/
  2. Instagram: got_rio2016
  3. Youtube: Gazte Aukeraren “GOT Rio 2016” erreprodukzio-zerrenda
  4. Facebook: https://www.facebook.com/Gazteaukera/
  5. Twitter: @gazteaukera - #GOTRio2016
  6. “GOT Rio 2016” proiektuan parte hartzeko lehiaketara bidali zuen bideo saritua.