“Joxe Joanek ingurukoengandik ikastea bezainbeste maite zuen bere jakituria handia partekatzea”

Baleike 2016ko uzt. 13a, 18:01

Distira Argazki Elkarteak, erakusketa honen bidez, omenaldi berezi eta bero bat eskaini nahi izan dio orain arte elkarte-kide izan den eta zendu berri den Joxe Juan Azkueri eta honen omenez, berak egindako argazki bat eskegi da Alondegiako eraikinean, Amaia plazara begira.

Jarraian, elkartekideek Joxe Juani eskainitako hitzak:

“Joxe Juan Azkue DISTIRAko kide izan zen, Zumaiako argazki elkartea sortu zen unetik beretik. Beti izan zen elkarteko kide gogotsuenetako bat: Joxe Joanek ingurukoengandik ikastea bezainbeste maite zuen bere jakituria handia partekatzea.

Jakin minak bultzatuta, ahal zuen guztietan ikastaroak egiten zituen, eta argazki rally askotan parte hartzen zuen, Euskal Herrian nahiz inguruan.

Argazkilaritza zale amorratua zen, baina natura ere biziki maite zuen eta maiz izaten zuen bi zaletasunok uztartzeko aukera. Hala, egundoko argazkiak utzi dizkigu, betirako gogoan izango ditugunak, Joxe Juan bera gogoan izango dugun bezalaxe.

Joxe Juanek DISTIRAk antolatzen zituen egitasmo guztietan parte hartzen zuen: talde-irteerak, tailerrak, lehiaketak...  ‘Euskal Herriko Koloreak’ proiektuaren berri izan zuenean ere, parte hartzeko ahalegin berezia egin zuen: Zumaiatik kanpo oporretan zegoen arren, bere argazkiak bidali zizkigun handik, bazekien eta hautaketa egin behar genuela DISTIRAko kide guztien irudien artean, hormetan jartzeko argazki egokienak aukeratzeko.

Tamalez, ezin izan du egitasmo hau amaituta ikusi; heriotzak harrapatu zuen argazkiak bidali eta egun gutxira, 48 urte besterik ez zituela.

Bere heriotzak jota utzi gaitu guztiok, oraindik ere zaila da sinestea ez dugula hemen, gure artean. Argazkilari handi bat eta elkarteko kide bat galdu dugu, baina hori baino gehiago ere bai; gutako askok adiskide bat galdu genuen, pertsona aparta, beti prest zegoena laguntza behar zuen edonori laguntzeko.

Diskrezio handiko pertsona bazen ere, hobexeago ezagutzeko zoria izan genuenok gozatu egin genuen haren buruargitasunaz, umoreaz, eta batez ere bihotz handiaz.

Joxe Juan joan egin zitzaigun, baina aurrera zihoan horma-irudien egitasmoa, eta hasieratik aho batez erabaki genuen DISTIRAko kide guztiek, irudietako bat Joxe Juanen argazki bat izango zela eta gainera leku ikusgarrienean jartzea nahi genuela.

Hala adierazi genion Udaleko kultura sailari eta ez zuten inongo oztoporik jarri; are gehiago, bat egin zuten gure nahiarekin, ondo ezagutzen zutelako Joxe Juanek kultur egitasmo ororekin zuen konpromisoa. DISTIRAk biziki eskertzen du kultura sailarekin izandako elkarlana, guretzat berebiziko garrantzia zuen keinu hau egiteko garaian.

Latza izan zen Joxe Juanek bidalitako argazkien artean horman jarriko genuena aukeratzeko unea. Haren gustuko izango zena hautatu nahi izan genuen, Hernioko irudia, eta Udalari eskatu genion Alondegiko horman jartzeko, Joxe Juan gure elkartekide eta lagunaren omenez.

Era berean, DISTIRAko kideek eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu bihotz-bihotzez Joxe Juanen familiari, bere argazkilaritza materialaren parte bat eman digute eta.

DISTIRAn ez zaitugu sekula ahaztuko, Joxe Juan”

Zoritxarreko gertakari honen inguruan, Udalak, bere doluminak helarazi nahi izan dizkio Joxe Juanen senide, lagun zein Argazki Elkarteko kideei.