Julian Azkunek eta Oihan Etxabek irabazi dute Esku pilota txapelketa herrikoia

Baleike 2016ko uzt. 1a, 20:50

Astebeteko atzerapenarekin jokatu dira gaur Odietan XVIII. esku pilota txapelketa herrikoiaren azken partidak. Berez pasa den ostiralean ziren jokatzekoak, baina euriagatik hurrengo ostiralera atzeratzea erabaki zuten antolatzaileak. Gaurko eguna zirimiriarekin esnatu ondoren, arratsalde osoan zehar zeru lainotua izan bada ere, ez da arazorik izan partidak jokatzeko.

Txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu da lehenbizi. Mikel Odriozola eta Arkaitz Astigarraga gerriko gorriarekin eta Ander Odriozola eta Joseba Martija urdinarekin. Bai Mikel, bai Ander, ordezko lanak egiten aritu dira: Mikelek Aitor Aizpurua ordezkatu du eta Anderrek Martinez. 

Ia konturatzerako gorriak 14-0 markagailuarekin jarri dira aurretik. Joko ona eginez baino, besteen akatsez baliatu dira halako abantaila hartzeko. Bazirudien minutu gutxian erabakiko zela norgehiagoka, baina urdinek hortzak estutu dituzte eta 12. tantoraino heldu dira. Ez da nahikoa izan, baina, partidari buelta emateko eta Mikel Odriozola eta Arkaitz Astigarragak 22-12 emaitzarekin irabazi dute lehia. Beraiek izan dira txapelketan hirugarren eta Ander Odriozola eta Joseba Martija laugarren. 

Finalean antzerako zerbait gertatu da. Hasi eta berehala gorri koloreko gerrikoa zeramaten Julen Azkune eta Oihan Etxabe 5-0 emaitzarekin jarri dira aurretik. Unai Antia eta Jon Alkorta saiatu dira aldeak murrizten baina ia konturatu gabe hamar tantoko aldea hartu dute gorriek (14-4). Une horretan bost tantu jarraian egin dituzte urdinek eta hurbildu dira markagailuan (14-9). Gaur, ordea, ez zen partida epikoen arratsa eta, aldea eusten, pixkanaka 22. tantura hurreratzen joan dira gorriak. Azkenean, 22-14 emaitzarekin amaitu da partida. Julian Azkune eta Oihan Etxabek jantzi dute txapela eta Unai Antia eta Jon Alkortak bigarren postu on batekin konformatu behar izan dute.