Zumaiako barra konpontzeko lanak udan zehar egingo dira

Baleike 2016ko eka. 6a, 17:21

Otsaileko denboraleak egituraren 50 metro inguru mugitu zituen. Milioi bat eurotik gorako kopurua jarriko du Portuen zuzendaritzal lanak egiteko. Traineru estropadak jokatzea ez dago arriskuan.

Otsailaren 8ko gauean euskal kostaldea kolpatu zuen denboraleak kalteak eragin zituen Zumaian ere. Julio Beobide ibiltokiaren amaieran kokatzen den komun publikoa txikitu zuen eta gaur egun itxita dagoen Talaipe jatetxean ere sartu ziren olatuak. Kalte, handienak, baina, barran eragin zituen: 50 metro inguruko harriak bota zituen itsasoak.

Ordutik, lau hilabete luzez barrara eramaten duen hesia itxita egon da eta ibilbidearen amaieran kokatzen den plazatxoa zuloz beteta. Azken honi irtenbidea aurkitu nahi izan dio Portuen Zuzendaritzak eta pasa den astean porlanarekin estali zituen zuloak. Erabakia kritikatu izan duten herritarrak ere izan dira, leku horretan erabiltzen ziren galtzada-harrien ordez, zementoa erabili delako.

Orain, udararen atarian, barra konpontzeko akordio batera heldu dira Zumaiako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritza. Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, berriztatze eta errefortzu lan hauek, larrialdi prozedura bitartez eramango dira aurrera. Lanekin datozen asteotan hastea aurreikusten du Udalak.

Zumaiako portuaren sarreran kokatzen den barra honek aurrez ere kalteak izan ditu. Orain hiru urteko denboraleetan egituraren zati zaharrean eta berrian eragin zituen itsasoak kalteak. Agintarien esanetan, lan hauekin, arazoari behin betiko irtenbidea eman nahi zaio. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute ez soilik muturra eraberritzea, baita hau behar bezala errefortzatu eta indartzea ere, etorkizunera begira, olatuek eta ekaitzek, muturra berriro suntsitu ez dezaten eta honek, segurtasun neurri egokiak izan ditzan.

1.293.100 euroko diru kopurua bideratuko da lan hauek egiteko. Zorua 0,30 metro altxatuko da eta barraren egitura indartuko da. Azpimarratu nahi izan da Udaletik itsas muturraren egungo itxurak ez du inongo aldaketarik jasango.

Era berean, ibaiaren beste aldean, eskoileran, beste zenbait errefortzu eta berritze lan gauzatzen ari dira. Batetik, neguko ekaitzek pasealekuko lurzoruan egindako zuloak konpontzen ari dira eta olatuek harrien artean utzitako hutsuneak ere betetzen ari dira.

Udaletik nabarmendu dute uda dela berriztatze eta errefortzu lan hauek egiteko sasoirik egokiena, "itsas baldintzak ezin hobeak direlako garai honetan".

Herritarrei eta arraunzaleei lasaitasun mezua ere helarazi nahi izan die udako estropadei begira, Portuko Zuzendaritzak, kai muturra irekitzeko konpromisoa hartu baitu, obrak amaitu gabe egon arren. Orain hilabete batzuk Zumaiako arraun elkarteko arduradunek adierazi zuten TKE ligako estropada Zumaian jokatzea arriskuan egongo zela beti ere barrako obrak egiten ez baziren. Udalak oharrean adierazi duenez, egokitzapen lanak ez dira oztopo izango eta estropadak ohiko eremuan jokatuko dira.