Jokalari bezala hazten joateko esperientzia baliagarria

Baleike 2016ko mai. 23a, 09:07

Ttakun Pulpo eskubaloi taldearen espedizia Galiziatik bueltan da dagoeneko. Gaur gauean itzuli da jokalari, teknikari eta gurasoez osatutako taldea Vigo eta Porriño artean hiru egun igaro ondoren. Emaitza aldetik ezin balorazio ona eman, jokatutako hiru partidak galdu dituztelako, baina, eskubaloiko jokalari bezala hazten joateko esperientzia baliagarria izan daiteke hau. 

Zerbait handia lortzeko gogoarekin atera zen Ttakun Pulporen taldea ostiralean Pontevedrara bidean. Helburuak, baina, ez dira bete. Ostiralean etxekoen aurka galdu ondoren, hauen hutsegite baten zain egon behar zuten. Espero ez zena zen Gijongo taldearen aurka ere porrota jasoko zutela zumaiar gazteek. Hor desagertu ziren azken fasera joateko aukera guztiak. 

Gaur goizean Vallebuelna kantabriarren aurka jokatu dute Pablo Gutierrezek entrenatutako neskek. Zumaiarrek bezala, hauek ere jokatutako bi partidak galduta zituzten eta azkenak ez geratzearen ohorea besterik ez zegoen jokoan. Pulpok beste aurpegi bat erakutsi du lehen zatian: hortzak estututa, defentsan sendo agertu dira. Entrenatzaileak, gainera, defentsa mota aldatu du eta kantabriarren bi jokalari onentsuenei defentsa indibiduala jarri die. Ondorioz, Vallebuelnakoek zailtasun ugari izan dituzte baloia mugitzeko. Talde moduan jokatuta, Pulpo hiru gol aurretik egon da lehen zatiko une batean (8-5). Bazirudien gaurkoan garaipena poltsikoratuko zutela, baina ez da hala izan.

15. minututik aurrera zonako defentsa ezarri du Pulpok eta hor hasi dira komeriak. Kantabriarrak errazago hasi dira heltzen atera. Pulpok, berriz, fase osoan bezala, zailtasunak izan ditu erasoan. Aldea minutu gutxian desagertu da eta atsedenaldira kantabriarren aldeko emaitza izan da markagailuan: 13-14.

Bigarren zatian beste talde bat atera da pistara, lehen partiduko bigarren zatia eta bigarren norgehiagoka ia osoa jokatu zuena. Presak, urduritasuna eta bakarkako jokaldiekin erabaki nahia nagusitu dira zumaiarren artean. Kantabriarrek aldea handitu dutenean, urduri jarri dira zumaiarrak eta hor hautsi da partida. 27-35 emaitzarekin amaitu da norgehiagoka.

Partidaren amaieran behea jota zeuden jokalariak. Ez zuten ezta beraien familiartekoek kontsolatzerik nahi. Ilusio handiarekin joan dira fase honetara, baina, egia da baita ere jokalari erabakigarri batzuk fisikoki oso justu heldu dira, lesioetatik atera berriak. 

Behin aldageletan Pablo Gutierrezek adierazi die diela gehiago entrenatuko. Gaurkoa zuen gazte hauen azken partida entrenatzaile bezala. Taldean potentzial handia ikusten du Gutierrezek, baina ez da islatu pistan eta bere burua jartzen du horren erantzule bezala. Hori entzutean negarrez hasi dira jokalari guztiak. 

Itxaropenerako detaileak ere badaude. Esan bezala, taldeak badu potentziala eta atzetik maila handiko beste gaztetxo batzuk datoz ate joka. "Lan asko egin behar da, baina badago zerekin lan egin", adierazi du Pulpoko kide batek.

Faseko txapelduna Porriño taldea izan da, hiru partidak irabazi ondoren, eta beraiek joango dira zortziko azken fasera. Bigarren BM. Gijon sailkatu da, hirugarren Vallebuelna eta laugarren Ttakun Pulpo.

Ttakun Pulpok aurkeztu duen taldea: Ane Galarraga, Mireia Alday, Amaia Romatet (4), Sara Torriko (7), Leire Mendizabal, Maialen Azkue (1), Irene Etxabe, Oihana Unanue, Camelia Dimitri, Itziar Altzibar (3), Aitana Iraundegi (8), Lierni Aizpurua (1), Leire Arrizabalaga (3), Ane Gutierrez, Elena Jimenez eta Paula Zubia.