Ametsetik esnatzen zaituen kolpea

Baleike 2016ko mai. 21a, 22:29

Espainiako txapelketako sektore faseko lehen jardunaldian galdu bazuten ere, Ttakun Pulpo eskubaloi taldeko kideek bazuten oraindik ametsa: etxekoek huts egingo zutela falta zitzaizkien bi partidetan eta zumaiarrek, azken biak irabazita, txapelketaren azken fasera sailkatuko zirela. Gaur jasotako kolpearekin modu okerrenean esnatu dira.

BM. Gijon asturiar taldea izan dute gaurko norgehiagokan aurkari. Lehen partidan ikusitakoaren ondoren (40-26 irabazi zieten asturiarrek Vallebuelna kantabriarrei defentsarik existitu ez zuen partida zoroan), bazirudien partida hau irabazteko gai izango zirela Pulpokoak: defentsan lerroak estutu eta erasoan beraien abilezia erakutsi. Gijongoak, baina, etxekolanak ondo eginda agertu dira Porriloseko udal kiroldegira eta bigarren minuturako partida erabat aldrebestuta utzi dute.

Amets horretan murgilduta egongo balira bezala atera dira Zumaiako gazteak pistara eta, ia konturatu gabe, bigarren minuturako hiru gol atzetik aurkitu dira (3-0). Erreakzionatzen saiatu dira, baina, atzoko partidan ez bezala, gaurkoan ez dira inoiz markagailuan aurretik jarri. Porrillosen aurkako bigarren zatiaren jarraipena zirudien: urduri, presaka agertu dira erasoan, freskotasunik gabe; defentsan, berriz, pattal: asturiarrek zirrikituak aurkitzen zituzten golak lortzeko. Taldeko jokoa baino, jokaldi indibidualen bitartez lortu dituzte zumaiarrek beraien golak, asko kostatutakoak, gainera. 18-13 izan da emaitza atsedenaldian.

Bigarren zatian, hamar minututan izan bada ere, beste aurpegi bat erakutsi du Ttakun Pulpok. Hortzak estutu dituzte defentsan eta asturiarrek golak sartzeko erabiltzen zituzten zirrikitoak desagertu dira. Hor hasi dira Gijongoak huts egiten eta gaur gorri koloreko kamiseta jantzita zuten olagarroek izan dute aldea jeisteko aukera. Ez da, baina, posible izan: gaur etxeko bezala jokatzen zuten gijondarren atezainaren lanagatik edo bisitarien akatsengatik, aldea ez da inoiz lau goletatik jaitsi. Hamar minutu horietan erakutsi duten grina eta jokoa bigarren zati osoan mantendu izan balute, agian orain beste emaitza batez ariko ginateke hizketan. Ez da, ordea, posible izan.

Ikusita erasoko zer joko egiten zuen Pulpok, Gijongo entrenatzaileak defendatzaile bat jarri dio Aitana Iraundegi zentralari. Uneoro bere ondoan zuen eta, jokoaren sortzailea desaktibatuta, Pulporen erasoko jokoa bere errailetatik atera da. Ondorioz, talde jokoan baino, jokalari jakin batzuen jokoan oinarritu da. Bigarren zati honetan aipagarria izan da Oihana Unanueren lana: berak hartu du zumaiarren erasoko ardura. Hamar gol sartu ditu guztira. Ez da, baina, nahikoa izan eta asturiarrek askok espero baino erraztasun handiagoarekin irabazi du norgehiagoka: 32-25.

Lehertuta amaitu dute Pulpoko jokalariek eta batzuk bere onetik aterata, behea jota, malkoak eutsi nahiean. Taldeko arduradunek psikologo lanak egin behar izan dituzte, kolpe gogorra izan da-eta azken bi egun hauetan jasandakoa. "Sektore fase hau ez zaie une onenean etorri", azaldu du. harmailetan zegoen guraso batek. "Orain bi hilabete izan balitz, une oso onean zeuden eta dena emateko prest egongo ziren", gaineratu du. Hala ere, bi jardunaldi hauetan izandako emaitzak amestutakoak izan ez badira ere, ezin goraipatu gabe utzi neska hauek egindako denboraldi bikaina. Hori ez dezatela ahaztu.

Igande goizean jokatuko dute sektoreko azken partida, Vallebuelna kantabriarren aurka (10:30ean). Estimua eta ohorea izango da jokoan; biek galdu dituzte orain arte jokatutako bi partidak. Kantabriarrak, baina, ezusteko handia emateko zorian izan ziren. Lehen partidan 40 gol jaso bazituzten, gaurko partidan beste aurpegi bat erakutsi dute eta oso, oso zail jarri dizkiete gauzak etxekoei. 37. minutuan 11-18 emaitzarekin ari ziren irabazten, baina, kantabriar beraien erruengatik, galiziarren gaitasunagatik eta, zergatik ez esan, epaileek etxekoei emandako laguntzagatik (azken 15 minututan bospasei penalti pitatu dituzte etxekoen alde), Porrillo taldeak irabazi du partida, 27-26 emaitzarekin. Galiziarrek eta Gijongoek jokatuko dute zer talde sailkatzen den azken fasera. Azken partidaren faltan (12:30ean jokatuko dena), bi taldeak bi garaipen erdietsi dituzte.

Ttakun Pulpok aurkeztu duen taldea: Ane Galarraga, Mireia Alday, Amaia Romatet (4 gol), Sara Torriko (3), Leire Mendizabal (1), Maialen Azkue (2), Irene Etxabe, Oihana Unanue (20), Camelia Dmitri, Itziar Altzibar (1), Aitana Iraundegi (2), Lierni Aizpurua (2), Leire Arrizabalaga, Ane Gutierrez, Elena Jimenez, Paula Zubia.