'Marea Zumaian' aurkeztera etorriko da Kepa Junkera maiatzaren 28an

Baleike 2016ko mai. 17a, 20:00
Geoparkeko arduradun Leire Barriuso eta Pedro Bengoetxea (Deba), Oier Korta (Zumaia) eta Jose Angel Lizardi (Mutriku) alkateak, Mutrikuko Atxukaleko balearen hormairudiaren aurrean.

Disko berriko Marea Zumaian kanta eta bideoklipa aurkeztera etorriko da Kepa Junkera Zumaiara maiatzaren 28an, Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu duen Europako Geoparkeen Astearen barruan. Flyscheko olagarroa irteera egingo da igande honetan, eta Euskal baleazaleen triskantza dokumentala emango dute maiatzaren 26an, Aita Marin. 

Zumaian hiru ekintza egingo dira ostiralean hasiko den Europako Geoparkeen Astearen barruan:

Igandean, hilaren 22an, Flyscheko olagarroa irteera berria aurkeztuko dute. Zumaian bisitariei eskaini nahi zaien esperientzia berri bat da, Zumaiak olagarroarekin daukan lotura ezagurazteko. irteera 11:00etan izango da, turismo bulegotik. Doan izango da, baina izena eman behar da aldez aurretik, turismo bulegoan bertan (943143396).

Maiatzaren 26an, Euskal baleazaleen triskantza dokumentala ikusteko aukera izango da Aita Marin (19:00etan). Geoparkeko hiru herrietan baleazaleen aztarna gehienak aspaldi desagertu baziren ere, talaia baten arrastoak daude Mendatan (Itziar, Deba). Geoparkeak sustatuta, indusketa lanak egin dira Suhar Arkeologiaren eskutik eta bertan grabatu dira Euskal Baleazaleen Triskantza dokumentalerako zenbait irudi. Proiekzioaren ostean solasaldia egingo dute Suhar Arkeologia taldeko kideekin, euskaraz.

Eta maiatzaren 28an, 19:00etatik aurrera, musika izango da protagonista. Kepa Junkerak eta Sorginak taldeko kideek emanaldia eskainiko dute Alondegia Kultur Etxean. Hain zuzen ere, Marea Zumaian abesti berria eta Algorrin grabatu berri duten bideoklipa aurkeztuko dituzte.

Ekintzak hiru herrietan

Europako Geoparkeen Astea ospatzeko ekintzen egitaraua aurkeztu du gaur goizean Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Mutrikun, Geoparkeko baleazaleak goiburupean. Izan ere, antzinako baleazaleak izango da aurtengo protagonista nagusiak.

Ostiralean hasi eta maiatzaren 29ra arte, ekimen ugari izango dira Zumaian, Deban eta Mutrikun, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan: besteak beste, hitzaldiak, doako bisita gidatuak, argazki-erakusketa eta haurrentzako tailerra; Lasturko interpretazio gunearen inaugurazioa; Euskal baleazaleen triskantza dokumentalaren proiekzioak eta solasaldiak, eta Mendatako talaiara ibilaldi gidatua.

Hiru herrietako alkateek hartu dute parte aurkezpenean, Geoparkeko arduradun Leire Barriusorekin batera. Antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, «haur, gazte zein heldu».