Kristina Peña: "Ezin du berriro gertatu, ez du inork merezi"

Baleike 2016ko mai. 15a, 20:30

Ceferino Peñaren alaba Kristinak prestatutako idatzia irakurri du jendaurrean Joxe Mari Kortaren iloba Estik. Hemen irakur eta entzun ditzakezue bere hitzak.

"Begiak zabaldu eta aurrera begiratzean, begiak itxi eta atzera begiratuko banu bezala da. 36 urte atzera egin banu bezalaxe, hantxe egon baitzineten orduan ere, eta hementxe baitzaudete gaur ere.

Gertaera lazgarria ordukoa; gogorra, latza denontzat, bai zuontzat eta guretzat; galera izugarria. Batzuentzat seme, besteentzat, anai, senar, lagun edo aita. Aurrera egin dugu ordea, berak egiten erakutsitako irrifar, umore eta borondate onarekin, nola bestela. Alaitasunean murgilduta nahiz eta askotan egon malkoz bustita, segi aurrera, berarentzat opari hobeagorik ez dago eta.

Gorrotorik gabe, guztion mina sentituz, bestearen lekuan jarriz eta ikusirik pixkanaka-pixkanaka bake bide irekiagoa dagoela; hain ederra den bide hori, zabala, denentzako lekua dagoena, asmo txarrik gabea, mina egitea gorrotatzen duen bidea. Jarrai dezagun bide hori txukuntzen eta argia jartzen, ordukoak ezin baitu berriro gertatu, ez baitu inork merezi, ez baitzuen inork merezi. Bera gogoratzen jarraituko dugu eta elkarri babesa eta begirada ziurrak eskainiko dizkiogu. Hori baita orain arte egin duguna eta guri gustatuko litzaigukeena. Mila-mila esker".