Hiri eta herri jasangarrien Europako 8. konferentziaren baitan, Geoparkean tailer bat egingo da bihar

Baleike 2016ko api. 27a, 19:59

Hiri eta Herri Jasangarrien Europako VIII. Konferentziako parte-hartzaileek bisitatuko duten tokietako bat izango da Euskal Kostaldeko Geoparkea, Mutrikuko, Debako eta Zumaiako udalerriek osatua. Gaur eman diote hasiera nazioarteko biltzar entzutetsu honi Bilbon eta  ostirala bitartean luzatuko da. 

Europako toki-gobernuetako 50 bat ordezkarik egingo dute bisita bihar Geoparkera, proiektua bera eta lurraldearen kudeaketa eredua gertutik ezagutzeko asmoz. 2010az geroztik, Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide da Geoparkea, eta 2015eko azaroan Unescoren Munduko Geoparke izendapena eskuratu zuen.

“Euskal Kostaldeko Geoparkea – Ondare natural, geologiko eta kulturala” izenburupean, tailerrean parte hartuko duten kideek Geoparkeko zenbait interesgune geologiko eta kultural ezagutzeko aukera izango dute, baita azken urteotan promoziorako eta kudeaketarako egin diren jarduerak ere. 

Biltzar honetan “Euskal Adierazpena” onartuko da, aurrerantzean toki-jasangarritasunarekiko konpromisoaren erreferentzia izango dena Europan. Biltzarra ICLEIk (Jasangarritasunerako Tokiko Gobernuen Nazioarteko Sarea) antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.