Bermatu itzazue aurrena eskubideak, eta gero-gero txukuntasuna

Kalea guztiona da 2016ko mar. 21a, 18:17

Adierazpen-askatasuna Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotzeko bezain garrantzitsua iruditu zitzaien 1948an. Pikutara bidali nahi duzue, benetan?

“Herriko eremu publikoaren zein hiri-paisaiaren zaintza eta garbiketa definituko dituen ordenantza berriaren idazketa-prozesua” martxan jartzeko asmoa du udal-gobernuak, “kalitatezko espazio publikoak” bermatzeko. Hala jakinarazi digute zumaiarroi prentsa-ohar baten bidez (Baleiken euskaraz, noski, baina Diario Vascon gaztelania hutsean). 

“Herri txukunago eta atseginagoa” eskaini nahi horretan, ordea, DEBEKU POTOLO bat ezarri digute: kartelak eta pankartak jartzeko debekua. Eta erabaki hori POTOLOEGIA da, GEHIEGIKERIA bat, inolaz ere zeharkatu behar ez genukeen MARRA GORRI BAT, oinarri-oinarrizko GIZA ESKUBIDE BAT URRATZEN DUELAKO: adierazpen-askatasuna. 

Jabetzen al gara benetan kontu honen larritasunaz? Nola demontre jar daiteke kolokan eta zalantzan eta arriskuan Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean bertan jasota dagoen oinarri-oinarrizko eskubide bat, nola eta herriaren txukuntasunari buruzko ordenantza baten bidez, zergatik eta “herri atseginago bat eskaintzeko”? Burua galdu dugu, ala? Edo akaso maila berekotzat dauzkazue polita/itsusia eta justizia/injustizia? 

“Udalaren ardura [omen] da guztionak diren kale, bide eta eraikin publikoak errespetuz erabiltzen direla bermatzea, baita herritarrei beren adierazpen-askatasuna ahalbidetzea ere”. OKER ZAUDETE. ALDERANTZIZ DA. Kale, bide eta eraikin publikoak errespetuz erabil daitezen ahalbidetzea, horretarako neurriak hartzea, behar-beharrezkoa da, jakina. Baina, bermatu, herritarren eskubideak bermatu behar ditu udalak (eta gobernu-karguak dituen orok), ahal duen neurrian behintzat. 

Beraz, bai: primeran iruditzen zaigu “adierazpen-askatasuna bermatze aldera lan egiten [jarraitzea], horretarako beharrezkoak diren neurri eta hobekuntzak aurrera eramanez”. Baina argi gera bedi: adierazpen-askatasuna bermatzea ez da herrian 5, 10, 15 panel urdin jartzea, edota adierazpen librerako horma jakin bat eta bakarra uztea (ez da txantxa, Arrasaten horretan dabiltza). Ez da askatasun horri mugak jartzea, non eta kalean, “eremu publikoan”, edonoren eskura dagoen espazio bakarrean, eta leku jakin batzuk erabiltzeko baimena ematea. Adierazpen-askatasuna bermatzea da inork informazioa jasotzeko eta zabaltzeko zailtasun, traba eta ezinik ez duela eta ez duela izango ziurtatzea, eta horretarako benetako “neurriak eta hobekuntzak aurrera eramatea” litzateke herritarrek, taldeek eta eragileek egiaz eduki badauzkaten zailtasunak murriztea eta ezinak ezabatzea. Informazioa jasotzeko eta zabaltzeko berdintasuna bermatzea, beraz, berdintasuna bermatzeak baitakar askatasuna bermatzea.

Azken urteotan bolo-bolo eta askotan edozein moduz erabiltzeagatik ia hustuta dauzkagu hainbat kontzeptu, hala nola giza eskubideak, adierazpen-askatasuna... Baina argigarria da 1948an gogor lan eginez Nazio Batuen Erakundeak onartu zuen agiri hartara jotzea. Honela dio hitzaurrean:  

«Kontuan izanik munduko askatasuna, justizia eta bakea giza familiako kide guztien berezko duintasunean eta eskubide berdin eta ukaezinetan oinarritzen direla;

»Kontuan izanik giza eskubideak ez ezagutzearen eta gutxiestearen ondorioz giza kontzientziari irain egiten dioten basakeriak gertatu izan direla; eta gizon-emakumeek, beldur eta gabezia orotik aske, hitz egiteko askatasuna eta sinesmen-askatasuna izango dituzten munduaren etorrera aldarrikatu dela gizakiaren helburu nagusi;

»Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizakia tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin; […]  

»Kontuan izanik emandako hitz hori osotasunean betetzeko garrantzi handikoa dela eskubide eta askatasun horiek berdin ulertzea; Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal hau egiten du. Herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez, bai norbanakoek eta bai erakundeek […]». 

Eta 19. atalean, adierazpen-askatasunari buruzkoan, honela dio: 

«Gizabanako guztiek dute iritzi- eta adierazpen-askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen du erlijioa eta sinismena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jasotzekoa eta zabaltzekoa». 

Informazioa jaso eta zabaldu. Mugarik gabe. Nolanahiko adierazpidez (“por cualquier medio de expresión”, argi ulertzen ez bada ere).  

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko hitzak dira, ez gureak. 

Zalantzarik gabe, pozgarria da ikustea udal-gobernuak nolabait jarrera aldatu duela, eta, orain, “eragileekin lan-talde bat osatuko duela, beren iritziak eta […] beharrak ezagutzeko”. Kalea Guztiona dela defendatzeko elkartzen garenok udal-gobernukoekin gai honetaz hitz egiteko prest gaude, nola ez. Sinetsi nahi genuke Zumaiako Udalean ditugun ordezkariak askoz gehiago kezkatzen dituela justiziak, estetikak baino, askoz gehiago herritarren eskubideak, konfort hutsak baino. Eta sinetsi nahi genuke gizartea justua izateko nahitaez errespetatu behar diren printzipio moralak txukuntasunarekin lotutako kontu hutsalekin nahastearen hanka-sartzeaz ohartuta debekua atzera botatzeko ausardia izango dutela.

Edonola ere, esango badute ere (hala diote prentsa-oharrean) “zumaiarrak eta beren ongizatea” direla “udal-gobernuaren lehentasun nagusia” eta, horregatik, “ezinbestekotzat jo [dutela] ordenantzaren idazketa herritarrekin partekatzea”, ORAINGOZ KONTRAKOA ERAKUSTEN ARI DIRA: ordenantza hori oraindik idatzita ere ez dagoen arren (are gutxiago onartuta), debekua bete-betean aplikatzen ari dira, kartelak egunero kentzen dituzte eta.

Horregatik, eta udal-gobernuak debekua bertan behera uzten ez duen bitartean, Kalea Guztiona dela gogorarazten jarraituko dugu. 

Ohi bezala, asteazkenean elkartuko gara, arratsaldeko 7etan, Odieta frontoian (eguraldiak laguntzen ez badu, Torreberrin).

Deialdia, jakina, debeku honen kontra gauden guztiontzat da.