TripAdvisor web guneak ematen duen saria jaso du Jesuskoa landetxeak

Baleike 2016ko ots. 4a, 19:00

Kalitate eta prezioaren erlazioan Espainia mailako lehen saria jaso du. Zentzu horretan Europa mailako 12. onena eta mundu mailako 20. onena da web gune entzutetsu honen arabera.

Oporrak hartu edo bidaiaren bat egin nahi duen jende askok TripAdvisor web gunera jotzen du beste bidaiarien iritziak jakiteko. Zentzu horretan, nazioarte mailako Interneteko gune hau da bisitari gehien jasotzen dituenetakoa. Baina, informazioa emateaz gain, Traveller’s choice (Bidaiarien aukera, ingelesez) izeneko sariak ematen ditu urtero eta bigarren urtez jarraian, Zumaiako Jesuskoa landetxea izan da sarituen artean.

Saria ez da txikia: kalitatea eta prezioaren erlazioa neurtzen duen arloan Espainia mailako lehen saria jaso du Oikiako auzoan kokatutako establezimendu honek. Horrez gain, arlo horretan bertan, Europa mailako 12. hotel txiki onena bezala izendatu dute eta mundu mailan 20.a.

Web gune honek ematen duen sariak bere garrantzia duela antzematen da Jesuskoa landetxeko Ramon Olidenen hitzetan. «Tripadvisor bidaiariarentzako munduan gehien erabiltzen den web gunea da, argazkiak eta bere esperientziaren iritziak zintzikatzen baitituzte». Iaz hirugarren saria jaso zuen landetxeak kalitatea eta prezioaren erlazioan eta izandako lan kargan somatu zutela dio. «Lehengo urtean jasotako sariaren ondorioz %18ko lan karga handiago izan dugu aurten. Bi urtetan Bikain ziurtagiria jaso ondoren Traveller Choice-en multzoan sartu gaituzte. Gehiago ezin eskatu».

Bidaiariekin bakarri ez, inguruko enpresekin ere lan egiten dutela azpimarratu du Olidenek. «Inguruko enpresek ere konfidantza dute gure etxean, ostatua, gosaria eta afaria eskaintzen baitiegu bertako bezeroei».

Une honetan 232 iritzi ditu Jesuskoak web gune honetan: 207k puntuazio gorena ematen diote eta beste 23k oso ona.