Gurrutxaga eta Zuloaga plazen arteko bidea oinezkoentzako bakarrik izango da

Baleike 2016ko ots. 3a, 15:22

Udalak aldaketa batzuk planteatu ditu Gurrutxaga plazarako. Herriaren erdigunean dagoen plaza hau erabat berritu zen pasa den legealdian. Neurrietako bat Gurrutxaga eta Zuloaga plazak batzea izan zen. Hala ere, goizetik eguerdira bitartean, bi plazen artean igarotzen den bidea autoei zabaltzeko erabakia hartu zuen orduko Gobernuak.

Oraingo udal agintariak, baina, ez dira iritzi berekoak eta bide hau autoei itxi eta oinezkoentzat bakarrik izateko asmoa erakutsi dute. Gaur bertan bide ertzean zeuden piboteak kendu dituzte. Horien ordez, Etxegarai kalearen behealdean, Euskadiko Kutxaren alboan, burdinezko loreontzi-euskarri mugikorrak jarriko dira, autoei pasabidea eragozteko. Lasterketa batengatik edo beste arrazoiren bat medio kentzeko beharra denean hauek mugitzeko aukera izango da. Plazako komertzioei zerbitzua ematen dioten furgonetak Fielato aldetik sartuko dira. 

Plazarako pentsatutako beste aldaketak datozen egunotan iragarriko ditu Udalak.