Mila eta bat argazkiren kokalekua, osasun egoera hobera bidean

Baleike 2016ko ots. 1a, 19:00

Hobekuntza integrala bermatzeko lanak ari dira burutzen San Telmo ermitan pasa den Gabonetatik. Bestalde, eraikinaren jabe dela ziurtatzen duen dokumentua du eskutan Udalak 

Azken urte hauetan, denok gogoan dugun pelikula batek izandako arrakastari esker, Zumaian argazki gehien ateratako parajea da San Telmoko ermita Sanjuaniturriarekin batera. Itzurun hondartzaren gainean, Algorriko muturrera eramaten duen bidexkaren hasieran, euskal kostaldearen ikuspegi paregabea jaso daiteke kokapen honetatik.

Zumaiarren artean ere leku gogokoenetakoa da ermita hau. Ikustea besterik ez dago zenbat herritar, fededunak izan edo ez, joaten diren urtero maldan gora San Telmo Eguneko prozesioan.

Eraikinaren egoera, baina, kezkatzeko modukoa zen, kanpotik agian igertzen ez bazen ere. Teilatuaren egoera kaxkarragatik, itsasoaren alboan egonda sortzen den hezetasunagatik eta azken urteotan zaintza lanik ez egin izanagatik, ermita zaharra ez zegoen bere onenetan.

2015 urteko lehen zatian egin ziren lehen lanak eta sakristiako sabaia konpondu zen. Ermitaren egoera hobetzeko lan integralak, baina, iazko Gabonen aurretik hasi ziren eta gaur egun oraindik amaitu gabe daude. Margotzen lanak, hormen hobekuntza eta teilatuaren konponketak jasotzen dira lan hauetan. «Hobekuntza integrala egingo zaio ermitari», azaldu du Oier Korta Zumaiako alkateak.

Ondartez izeneko erakunde batek ermita hau birgaitzeko proposamena luzatu zion Udalari pasa den urtean. Ondare kulturalaren inguruan lan egiten duten profesionalek osatutako enpresa da Ondartuz. «Zumaian birgaitu beharreko hiru leku aukeratu zituen enpresa honek: Zubiaundia, Arritokietako ermita eta San Telmo ermita. Guk San Telmori eman diogu lehentasuna», dio Kortak.

Enpresa honen bidez, aurrekontuaren %70a ordainduko duen Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza eskuratu du Udalak. «Beste %30a Udalak jarriko du», argitu du alkateak.

Lan hauen esleipena lehiaketara atera zuen Udalak. «Hiru enpresa aurkeztu ziren eta azkenean herriko bertako Portu enpresari esleitu diogu 15.000 eurogatik».

Katalogatutako eraikina

Aipatutako San Telmo Ermita, Gipuzkoako Foru Aldundiko interes orokorreko eraikinen katalogoan kalifikatuta eta balizko interes arkeologikoaren eremu bezala ere jasota dago. «Katalogatuta izatean, Aldundiko teknikariek ere etorri dira eta aholku batzuk eman dizkigute. Euri uraren kanalizazioa hobetzea eskatu dute. Horrez gain, eraikinaren itxura distortsionatzen zuten elementu batzuk kentzea ere eskatu digute». Horien artean daude canes postizos bezala ezagutzen dituzten elementu batzuek. «Teilatuaren hegalean kokatutako dekorazioko habe batzuk ziren. Berez ez zuten inongo funtziorik eta 1945. urteko argazki batean ez zeudela nabari da. Beraz, ondoren jarritako elementuak dira. Aldundiak ematen dituen laguntzak jasotzeko elementu horiek kentzea eskatzen zuten teknikariek».

Ermita hau Foru Aldundiaren katalogoan dagoenez, aurrekontua gainditzen bada, Aldundiak diru laguntzak eman ditzake hobekuntza hauek ordaintzeko.

Ermitaren jabetza

Azken urteetan zalantzan izan da zein den ermitaren jabe. Berez Arrantzaleen Kofradiarena zen, baina Kofradia hau desagertzean, zalantzak sortu ziren. Noren esku geratzen zen San Telmo ermita? Eliza Katolikoak ez zuen ezer jakin nahi; bertan mezak eta ezkontzak egiten baziren ere, ez zuen berea bezala jotzen.

Aurreko legealdian ikerketa bat jarri zuen martxan Udalak. Oier Kortaren esanetan, Zumaiako Udala da eraikin horren jabea eta, beraz, haren arduraduna. «Bartzelonako enpresa batek udal jabegoen zerrenda bat egin zuen eta han jasotzen dira Kofradia eta baita San Telmo ermita ere. Gertatzen dena da, beste ondasun batzuekin gertartu bezala, ez dagoela Azpeitiko erregistroan sartuta. Orain badugu jabetza ziurtatzen duen dokumentua eta tramite hori beteko dugu».