"Pobrezian bizi dira, baina duten jarrera positiboak harritu egin ninduen"

Baleike 2016ko urt. 27a, 19:00

Peio Romatet argazkilari zumaiarrak aspalditik zuen Tindufeko kanpalekuetara joateko gogoa, erbestean bizi diren Saharako errefuxiatuen bizitza bere kameren bidez jasotzeko. Pasa den urteko Aste Santu inguruan izan zuen ametsa betetzeko aukera: Darahli elkarteak herriko gazteekin desertura egiten duten bidaiaren lekuko izan zen. Egun haietan ateratako argazkiak erakutsiko ditu orain Alondegian, Hondarrean argi eta irrifarrak izenburua duen erakusketan. 

Bidaiara joan aurretik zituen ideiak hankaz gora geratu zitzaizkiola dio erakusketa muntatzen duen bitartean. "Joan aurretik miserian bizi den herri bat aurkituko nuela uste nuen, eta bai, pobrezian bizi dira, baina beraien jarrera positiboak harritu egin ninduen", dio.

Milaka argazki atera zituen bidaiak  iraun duen astebete inguruan. Egun horietan burutu ziren ekitaldi guztiak jaso zituen kamerarekin eta apenas izan duen denborarik kanpalekuan zehar mugitu eta beste mota bateko irudiak lortzeko. "Oso zaila da hori. Beti duzu norbait alboan. Hala ere, bertako jendeari argazkiak ateratzeko arazorik ez nuen izan. Emakumeekin zertxobait gehiago, agian, isilkorragoak direlako".

Ateratako argazki haiek guztien artean aukeraketa egin beharra izan zuen. "Aurretik egin nuen lehen bereizketa bat, Darahlikoek eskatuta, gurasoei argazkiak bidali behar zitzaizkielako. Gero multzotan banatu ditut: paisajeak, edadetuak, umeak, Darahliko gazteak bertako jendearekin... Agian gazte jendea falta da, baina, noski, haiek ez dira kanpalekuetan bizi. Aukeraketa egiterakoan zalantzak banituen; ez nekien Darahlik zer nolako erakusketa nahi zuen, baina askatasuna eman didate".

Alondegian gaur arratsaldean zabalduko den erakusketa bere lehena da. Azken egunotan, gainera, herri mailako bi lehiaketa irabazi ditu: Inauterietako kartel lehiaketa eta Gabonetako argazki lehiaketa. "Toki denetan agertuko naiz".

Darahlirekin hartu duen konpromisoa ez da erakusketa honetara mugatzen: bi koadro eman dizkio elkarteari saldu eta ateratzen den diruarekin elkarteak aurrera eraman nahi dituen senidetze proiektuak finantzatzeko.

Ekitaldi gehiago

Argazki erakusketa hau otsailaren 14ra bitartean izango da zabalik Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan, egunero 18:00etatik 20:00etara eta asteburutan eguerditan ere bai, 12:00etatik 14:00etara.

Ikusentzunezkoen txokoa ere izango da; argazkiak eta gai honen inguruan egindako dokumentalak erakutsiko dira. Informazio mahai bat ere jarriko du Darahlik, elkarteak burutzen dituen ekimenen berri emateko.

Ipuin-kontaketa saioa eta hitzaldia ere izango dira. Otsailak 11n, Cheij Ahmed Bahiak Chertat eta lehoia helduentzako ipuina kontatuko du, arabieraz eta euskaraz. Egun bat geroago, otsailaren 12an, Hassanna Aaliak Lurralde okupatuetako giza-eskubideen egoera hitzaldia eskainiko du.