Voltaiaren disko berria, 'Medusa', kalean da dagoeneko

Baleike 2015ko aza. 20a, 13:46
Voltaia taldearen disko berria kalean da, Medusa izenburupean. Diskoa salgai dago dagoeneko Zumaiako Leize, Nikol, Metro, Inpernupe eta Kabi tabernetan, eta Elkar eta FNAC dendetan. Durango Azokan ere salduko da eta, noski, taldeak emango dituen kontzertuetan.

Lan berri honetan 11 abesti aurkituko dira, "abesti sendo, bortitz eta freskoz osaturikoa". Hitzei dagokionez, honako gai hauei heldu diote besteak beste: faltsukeria, gezurra, amodioa eta desamodioa, politikaren show-a, tratu txarrak etab.

Iker Barandiaran kazetariak modu honetan definitzen du taldea eta bere musika:

Zumaiako Voltaia hirukotearen lehen pausoak stoner musikarekin lotuta daude halabeharrez. Eta stoner musika, bere jatorrian, AEBetako desertuen gordintasun eta kontraste ugariekin; naturaren adierazpide basatienarekin.

Bada, Voltaiako kideek jakin dute, urruneko erreferentzia eta inspirazioetatik kanpo, beraien ingurune naturalenetik edaten: beraien sortzean, izatean eta egunerokotasunean txertatuta dagoen itsasoan -naturaren beste munstro erraldoi horretan-, alajaina.

Eta hori hizpide hartuta, hirukotearen emaitza bestelakoa da: asko du pisutsutik, giro sakonetatik eta barneraino sartzen diren riff zikinetatik, baina harago doa esperimentatuz, olatuen eta haizearen eragina basatia eta era berean iragar ezina den bezalaxe.

Naturaren indarrak, zer esanik ez kostaldean, Voltaia handiko egoerak sortzen ditu, arrazionaletik ihes egiten dutenak. Eta hala behar du ere musikaren espresabideak; erraietatik sortutakoa behar du izan.

Voltaiaren musikak asko du instrumentaletik, power-trio izateari etekin handiena ateratzen bait dakite; hortik erritmo pisutsu, sakon eta irmoak, arrakalarik uzten ez dutenak. Eta, horrez gain, gitarra riff sarkor eta giro enbolbenteak. Baina, kasu honetan aipatzekoa da ahotsa ere ederto lantzeko egindako ahalegina. Aipatutako stonerra DNAn txertatuta badute ere, gai dira 70eko hamarkadako talde majestuosoen eskolatik, psikodelia intriganteenetik, punk-etik zein metaletik onena atera eta hori guztia beraien eskaintza partikularrean iragazten. Musikaren eta konposizioaren esperimentazio ariketa purua; norberaren barrenak askatu eta kantua bera garatzearen plazer hutsa ezinhobeto aitortzen duena. Prest zaude zentzu guztiak ireki eta musikaren barrena joaten uzteko?

Hurrengo kontzertuak:

  • -2015/11/27 Larrabetzu. Gaztetxea.
  • -2015/12/03 Bilboko Kafe Antzokia. 
  • -2015/12/05 Durangoko Azoka: Ahotsenea.
  • -2015/12/12 Maule. Zinka ostatua. 
  • -2016/01/16 Oñati. Gaztetxea.
  • -2016/01/22 Zestoa. Gaztetxea.
  • -2016/02/20 Trintxerpe. Mogambo.