Ondare industrialari buruzko erakusketa zabalduko du bihar ZIIZ Elkarteak Alondegian

Baleike 2015ko aza. 4a, 20:00

Zementugintza, motorgintza, ontzigintza eta makina-erramintako sektoreetan banatu dute erakusketa. ZIIZ Elkartearen helburuak herriko industrializazioaren garapena ezagutzea, eta gelditzen diren azken arrastoak babestea dira. Erakusketa 18:30ean irekiko dute hitzaldi labur batekin.

Bihartik hasi eta azaroaren 18a arte, Zumaiako ondare industrialari buruzko erakusketa egongo da ikusgai Alondegian. ZIIZ Elkarteak (Zumaiako Industria Ondarearen Informazio Zentroa) antolatutako ekimena da, eta bertako partaide den Pello Etxabek adierazi duenez, “azken bost urtetan egin den lanaren emaitzaren hurrengo pausoa da”. 

Elkartea sortu zutenetik, hainbat ekintza jarri dituzte martxan ZIIZekoek. Hala nola, Zumaiako industriaren informazioa biltzen duen webgunea sortu da, eta industria gune garrantzitsuenak egon ziren tokietan panel informatiboak jarri dira. “Erakusketa gure lana azaltzeko beste bide bat da, eta gainera, tresna honen bidez, beste publiko batengana iritsi nahi dugu" aipatu du.

Zumaiako industrializazioak zein prozesu eraman zuen laburtzen da erakusketa honetan. “XIX. mende erdialdetik hasita, gaur egun arteko ibilbidea jorratu dugu, baina desagertuta dauden enpresak ardatz hartuta” azaldu du Pellok. Lau sektore garrantzitsuetan antolatu dute beraien lana: zementugintza, motorgintza, ontzigintza eta makina-erraminta eta bestelakoetan. Industria alor hauei buruzko azalpenak aurkituko ditu bisitariak, eta horretaz gain dokumentuak egongo dira. “Dokumentu idatziekin, grafikoekin, argazkiekin, ikus-entzunezkoekin, materialekin, maketekin… osatu dugu erakusketa”.

Gelditzen diren arrastoak galdu ez daitezen lanean
Erakusketa hau antolatzean egin duten lanak hainbat ondorioetara iristea eragin die elkarteko kideei. Alde batetik, Zumaiako historiaren parte handi bat berreskuratzeko balio izan die. “Zumaian industriak garrantzi handia izan du, eta oraindik ere badauka. Nahiz eta kostako herria izan, arrantzatik bizi izan den jende askorik ez dago”. Beste aldetik, garai batean inportanteak izan ziren enpresa guztiak suntsituta gelditu direla ikusi dute. Ondorioz, ondasun hori berreskuratzea da orain beraien helburu nagusia. “Lan honek balio izan digu ikusteko zein ondare desegin egin diren, eta zein gelditzen diren. Oraindik tente dagoen ondare fisiko apurra zaindu eta babesteko aldarrikapen bat egitea da gure nahia” kontatu du Etxabek.

Konkretuki bi adibidetan daude zentratuta. Lehenengoa, Narrondon dagoen zementu fabrika baten arrastoak dira. “Orduko tximinia gelditzen da eta baita enpresako paretak ere” azaldu du. Zementu fabrikek izugarrizko garrantzia izan zuten Zumaian. “Lehenengo sektorea izan zen industrializazio prozesuan. Pentsa, Zumaya izenarekin ezagutzen zen zementu natural hura” jarraitu du. Guztira, Zumaia eta inguruetan 8-9 zementu fabrika zeuden. Baina zergatik izan zuen zementugintzak hainbesteko garrantzia? “Alde batetik Ibañarrietako harrobitik ekartzen zuten tuparria, kareharri berezi bat. Eta bestetik Aizarna inguruan ikatz meategiak zeuden. Hango ikatza ona zen tuparria kiskaltzeko. Bi material hauekin egiten zen zementu naturala” kontatu du.

Babesteko beharra ikusten duten bigarren ondarea Moilaberrian kokatuta dagoen Beheko Estazioa da. “Garaiko industrializazioan pieza garrantzitsua da. Barkuetatik ekartzen zen materiala bertan jartzen zen trenean beste tokietara eramateko, eta bere inguruan ere hainbat enpresa zeuden. Herriko industriaren kokagune nagusienetako bat izan zen”.

Eraikinari gainera, bizia eman nahi diote. “Gure helburua ez da soilik aldi baterako erakusketa bat antolatzea orain bezala. Gure nahia zerbait egonkorra jartzea da, eta horretarako Beheko Estazioa leku egokia iruditzen zaigu”.

Oraingoz behinik behin, Alondegian antolatu duten erakusketa egongo da ikusgai. Astean zehar 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita. Asteburutan berriz, 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara.