Salaberria-Irurita eta Labaka-Erostarbe bikoteek irabazi dute Dinastia Etxabe txapelketa

Baleike 2015ko abu. 28a, 15:15

XLIV Dinastia Etxabe pilota txapelketa amaitu da. Atzo gauean jokatu ziren bi finalak Zestoako pilotalekuan. Jubenil mailan Salaberria eta Irurita izan dira txapeldunak; 23 urtez azpikoan, berriz, Peru Labakak eta Erostarbek jantzi dute garailearen txapela. Argazkiak Daniel Carballo eta Arritxu Saleguirenak dira.

Atzoko finaletan emaitza hauek izan ziren:

Jubeniletan, Zubizarreta-Eskudero, 7; Salaberria-Irurita, 22

23 urtez azpikoetan, Peru Labaka-Erostarbe, 22; Elordi-Lasa, 6

Ohikoa den bezala, Jexux Iribar Olaldek jardunaldiko laburpena egin digu. Hemen duzue: 

Inork uste baino errezago lortutako garaipenak izan zirenaren sentsazioa bart arratsean Zestoan jokatutako finaletatik ateratakoa, bi norgehiagokak ere alde nabarmeneko emaitzakin amaitu zirelarik nahiz eta lehenengoan joku iraupena luzeagoa izan.

Ezin esan partida txarrak izan zirenik hala ere, garaile ateratako bi bikoteak ondo jokatu zuten eta galtzaileak espero baino gutxiago eta hauxe bi partidetako gakoa, egindako 25 tantoetatik garaileen aldekoak 22 izan zirelarik, Salaberriaren 12 lehenengoan eta Labakaren 7 eta Erostarben 3 bigarrengoan.

Oso zentratuta eta abiadura bizian erabili zuten pilota bi partidetako garaileek, bikoteak bata-besteari lagundu eta egindako lanaren etekinak saku berean pilatuz. Hauxe bikote galtzaileen aldetik falta izan zena norgehiagokak emozio eta estuasun gehiagokoak izan eta pilota jaiadi borobil bat ateratzeko.

Aipatzekoa beste urtetako finaletako antzera, eta ziur aski kopuru haundixiagoan aurten, inguratutako pilotazaleen erantzun ona harmailei bete itxura ederra eman eta pilotarien lana txalotzeko.

1. Jubenil mailako partidan 1-1, 3-3, 10-6 eta 22-7 nagusitu ziren Salberria eta Irurita. Tanto piloteatuak izan ziren baina lehen esanda bezela garaileak gehiago egin eta gutxaigo galduz nahiko errez irabazi zuten. Bakoitzaren lana aipatuz:

  • Iker Salaberriari aipamen berezia egin behar. Era guzitan jotako pilotekin 12 tanto egin zituen eta sakerestoan airez atzelariari lagundu nahian bakarra galdu. Oraindik 16 urte betetzeko dagoelarik arritzekoa pilotari lanak zeinen ondo egiten dituen mutiko honek. Partidutik inoiz atera gabe uneoro daki zer egin pilotari, utzi behar danean utzi lagunari eta sartu behar denean sartu, batzuetan bizi astinduz eta besteetan geldiro utziaz baina beti ere zuloa dagoen lekuan jarriaz pilota. Anketan indar asko du eta pilota jotzeko orduan zaila da postura honean ez kokatzea, eta bi esku on izanik atzean bezela egiten du aurrean tantoa. Ez da mutil haundia baina ondo osatua nunbait, eta bera ikusita pilotan jokatzea erreza dela dirudi. Txalo zaparrada ederrik jaso zuen atzokoan goizuetarrak, bikain bai eta zorionak!
  • Josu Iruritak partida ona jokatu zuen, final-aurrekoan ere bai baina atzo kolpe gehiagorekin emanaz pilotari. Bere lekua zaintzeaz gain aurrekoadroetara etorri eta pilota eskatuz aurrelariari. Lan asko egin zuen eta Salaberriak hain ondo jokatu izanaren arrazoi pixkabat Atarrabiakoaren jokoan ere egon zen. Lau pilota galdu zituen atzeratu nahian goiko koltxoira botatako bi sartuta. Ondo Oberena elkarteko mutil humila eta zorionak berari ere. 
  • Iraitz Zubizarreta etzen eraginkor ibili atzo tantoa amitzerako orduan, gutxitan sartu zen eta bakarra egin. Lan asko baina defentsan eta pilota atzeratzen batipat, Iruritak ondo eutsi ziolarik atzekoadroetan eta aurrekoetan jokatzeko konfiantza eta txispa gutxirekin somatu genuen. Ezin esan gaizki jokatu zuenik bi pilota bakarrik galdu zituelako, baina partidak irabazteko normalean tantoak behar dira egin eta hau aurrelariaren lana izaten da. Atzo etzuen asmatu baina bere joku eskasi eta atzelariaren laguntza txikiaz gain bikote gogorrarekin topo egin zuelako ere bai. Final-aurrekoetan ere esaten genuen azken aldian dabilkin troteak eta partida gehienetan joku erantzunkizuna berea izate horrek nekatuarazi eta joku merma ekarriko ziola. Txapelketa ona egin du dena den ataundarrak eta ziur bere onera laster etorriko dela ondo merezita duen deskantsu aldi baten ondoren.
  • Ander Eskudero leitzarra etzen fin ibili atzo. Hasiera itsurosoa eman zio pilotari intentzio gehiagorekin emanez baina etzen Irurita baino gehiago izan pilota atzeratzen. Zortzi pilota galdu ere bai eta saiatu zen arren etzion ekarpen haundirik egin txapela jokoan zegoen partiduari.

2. Tanto ederrak eta nahiko partida polita ikusi ondoren ikusmin haundia sortutako 23 urtez azpikoaren zain aurkitzen ginen denok, eta hasieran aipatu bezela Peru Labaka eta Erostarbek uste baino errezago irabazi zioten Elordi eta Lasari 22 eta 6ko emaitzarekin, 1-1, 3-2, 6-3, 8-4 eta 16-5 ia beti irabazten egon ondoren. Irabazleak biak ondo eta galtzaileetan bere neurritik behera Elordi, aurkarien joku onaz gain final-aurrekoa jokatzea galerazi zion eskubiko hatzeko lesioa behar bezela osatu gabe egoteagatik ere bai. Azkar jabetu ginen etziola eskubiarekin behar ainako kolperik botatzen pilotari eta kezka horrekin ez da arritzekoa eskubiko jokoa ezik ezkerrekoa ere mermatu izana. Bakoitzaren lana aipatuz:

  • Peru Labaka aurrena, final-aurreko ildotik oso partida ona jokatu zuen Zazpi-Iturri Pilota Elkarteko pilotariak. Ausart errematatze garaian kantxako ezker orma eta kontrakantxako eremuak ondo neurtuaz bere ezker dotorearekin. Zazpi tanto egin zituen eta bat bakarra galdu. Bere jokoak behetik gorako babarmena izan du Uztailaren 24an jokatutako lehen norgehiagokatik eta joku punttu onarekin dagoenean edonori irabazteko gai dela erakutsi du azken bi partidutan. Egia da atzelari onarekin jokatu duela baina berak ere asko laguntzen dio, airezko imintzio eta guzi pilota ederrak utziaz aurkariak aurrekoadroetako ezker eskubitara sakabanatuz. Ezker airea oso ondo maneiatzen duelarik aukerako pilotekin tanto errez egiteko gai da eta hain aukerakoak ez direnekin ere min haundia egiten du zuloa ireki  eta hurrengo pilotakadetarako aukera hobeak sortuaraziz, beretzat edo lagunarentzat. Merezita jantzi du txapela eta zorionak zizurkildar pilotari txiki-haundiari.
  • Xabier Erostarbek ederki dantzatu zuen pilota atzo ere eta hasiera hasieratik, eskuak ondo berotzeko aitzakirik jarri gabe. Ezker eskubiz abiada haundia eman zion pilotari eta nahiz eta Lasak hasieran nahiko ondo egin zion aurre partidaren bigarren zatian garbi nagusitu zitzaion. Gogotsu jokatu zuen bikote lagun Labakarekin batera eta elkar ondo ezaguturik zuku ona ateratzen diote elkarlaneko jokoari. Hiru tanto egin zituen atzekoadrotara bialitako pilotekin eta beste hiru galdu, bote xelebrea egindako bat ere bai horien artean. Oso maila onean jokatu du eta garbi esan genezake txapelketako atzelaririk onena izan dela. Zorionak urretxuar pilotari jatorrarentzat eta jarrai dezala jarrera eta joku berarekin etorkizun hurbilean gorako salto erabakiorra emateko.
  • ·Aitor Elordi Mallabiarrari buruz hasieran esandakoa baino askoz gehiago ezin esan. Eskubiarekin etzun minik egin eta ezker airez sartzeko izan zituen pilotetara ere apenas sartu zen. Bi tanto egin zituen, bat ezker gantxoz eta bestea zabalean utzitako pilota batekin. Erasoko hain etekin txikiari zazpi pilota galdutako erantsi ezkero garbi dago atzoko Elordi etzela aurreko partidetan ikusitakoa. Osatu dedila lehen bait lehen, urrats gehiago eman eta  aurreikusitako profesional mundura salto egiteko.
  • Adur Lasa etxarriarrak etzuen gaizki jokatu baina Erostarberen nagusitasuna medio etzuen tantorik egitea lortu. Lau pilota galdu zituen, hoietako bat erasoko pilotakada eder bat txapaz gorako sabaira bidalia. Saiatu zen Erostarben kolpeko pilotakadari eusten eta aukera hobeagoko pilotei ematen ere baina aurelariaren laguntza txikia izan zuen atzo eta emaitza hobeagorik ezin atera. Nahiko txapelketa ona egin du Olano-Urizaren aurkako lehendabiziko partida kenduta.

Ohiko sari ematea jarrian eta Joxe Zubizarreta, Erramun Egaña, Alfredo Lopez “Rioja”, eta Javier Carballo zumaiar pilotari ohiei egindako omenaldi xumearekin eman zitzaion amaiera aurtengo ekitaldiari.

Txapelkaren balorazio azkar bat egiterakoan emaitza onekoa izan dela eta sentsaio baikorrarekin geratzen gerala esango genuke. 43 pilotarik hartu dute parte eta joku aldetik, denetik baina orokorrean maila oneko pilota ikuskizuna izan dela esaten ausartuko ginateke. Eskerrak emateko garaian:

  • Pilotariak aurrena, parte hartzera gonbidatuak izan zireneko aldeko jarrerarengatik eta lehiakortasun haundiz kantxan erakutsitako portaera jatorrarengatik ere.
  • Pilota elkartetako ordezkariak txapelketarekiko begirunez euren pilotariak parte hartzeko erreztasunak emateagatik.
  • Azken urtetan baino kopuru haundiagoz pilota partidak ikustera joandako pilotazale preziatuei nola ez...
  • Zumaia eta Zestoako Udaletxe eta Zestoako Pilota Elkarteri.
  • Eta txapelketaren jarraipen zintzoa egin dezuten hedabide eta kazetarioi.

Besterik gabe, eta datorren urteko XLV.garren ekitaldia oker izugarririk ez bada behintzat Zumaiako Aitzuri pilotalekuan izango dela jakineraziaz agur bat eta ondo izan!