Jexux Iribar: "Txapelketa polita izan denaren sentsazioarekin geratzen gera"

Baleike 2015ko abu. 27a, 13:49

Asteazken arratsaldean jokatu ziren Itzurungo pilota txapelketako finalak. Zumaiako pilota elkarteko kide Jexux Iribar Olalde gustura geratu da txapelketak eman duenarekin: "Txapelketa polita izan denaren sentsazioaren geratzen gera". Frontoira inguratutako zaletu kopuruarekin ere pozik da eta Iñigo Tumasen lagun koadrilaren jarrera txalotu du. Hemen duzue azken jardunaldiaren bere iritzia:

3 eta 4garren postuak erabakitzeko atariko partidan ustegabeko latza jasan genuen, Patxi Salaberria pilotaria agertu ez eta bere ordez txapelketako partaide eta finalak ikustera joandako Peio Etxabek jokatu zuelarik. Inungo eragozpenik jarri gabe besten galtza zuriak di-da batean jantzi eta norgehiagoka jokatzera prestatu izanagatik antolatzaile eta gerturatutako pilotazaleen esker ona pilotari oikiar honentzat, denok ere Patxi Salaberriaren azalpenik gabeko ez agertzearen arrazoia jakin nahian geratzen geran bitartean.

Hasierako partida honek etzuen historia haundirik izan eta aipaturiko pilotariaren ez agertzeak baldintzatu zuen neurri haundi batean 20 minutuko atzerapenez jokatutako norgehiagokaren ikuskizuna eta emaitza, partidaren erdikalderarte jokoan apenas sartu zelarik azkenean 10 tanto egitea lortu zuen bikote kaltetua.

Txapelak jazteko partida erabakiorra ikusteko ikusmin haundia zegoen eta gutxitan bezela frontoi inguruak jendez bete ziren. Makagailuak ere hiruna adierazten zuen hasiera berdintsu baten ondoren Astigarraga-Iribar bikoteak 10-3ko abantaila nabaria hartzea lortu zuen Tumas eta Alkortarekiko azken honen ez ohiko hutsegiteak ere zer ikusia izanik.

Galga beretsuan jarraituz eta beteranoagoen joko sendotasunak asko erasanez gazteen errendimenduari 17 eta 5eraino haunditu zuten zuloa gerriko gorridunek, partidak amaiera azkarra izango zuen itxura guzia izanik. Ez horregatik ordea, final bati eta bertaratutako hainbat pilotazaleen onerako ere!

Ordurarte barruan zeraman korapiloa kolpetik askatu nunbait eta Julen Alkortaren joku erakustaldia etorrri zen eta 11 eta 2ko partzial batekin hiru tantora hurbildu zitzaizkien gerriko urdina jaztea tokatzen zitzaienak, 19-16 aldeko pilotazaleen txalo hots eta ohiuak entzungai izango zirelarik pilotalekutik hurrutixiago zeudenentzat ere. Azpimarratzekoak Alkortaren goitik beherako airezko bolea eta botez atzera pilota luzatzeko kolpe bizia, kantxako neurrietatik kanpo belar gainean egin zuelarik punpa hoietako batek.

Zirti zarta batean jokatutako hurrengo tantoan Iribarrek txokoan moztutako pilotarekin egindako tantoak eten zuen atzetik aurrera abiadan zetozten martxa eta 20-16. Tanto erabakior honek bi sentsazio ezberdin sortu zituela esan behar bi atzelariak aurretik egindako lanaren nekeak sortutako eraginean, Alkorta piskabat behera etorri eta tantoa azkar egin nahian arriskatzen hasi zen bitartean garaipena hurbilago ikusteak eman ohi duen indarra atereaz pilotan jokatzen jarraitu zuen Iribarrek.

Azken honen orma biko txapa ikutu ez ikutuko tantoko pilota faltatzat eman eta 20 eta 17 berriro ere hiru tantorainoko hurbilketa suertatu arren falta zitzaizkien biak eskuratuz 22 eta 17 nagusitu ziren aurrelari lanak ondo egin zituen Arkaitz Astigarraga eta Gorka Iribar hasieran tantoa egin nahian pilota bat edo beste galdu baina gero txukun jokatu zuen Iñigo Tumas eta Julen Alkortaren aurka.

Eta besterik ez aurtengoari dagokionez, txapelketa polita izan denaren sentsazioaren geratzen gera, aurten ere adin gazteko partaidetza izan delarik ezaugarrietako bat partidak ikustera joandako pilotazaleen erantzun ona izan den bezelaxe, eta honen meritua ehin haundi batean Iñigo Tumas irundarra bezain zumaiarra sentitzen den pilotariariari eman behar, bere lagun zumaiarrak izan direlako txapelketako partidetan zehar eta batez ere atzo joko ikuskizunaren pizgarri.

Eskerrak beraz parte hartu duten pilotari eta pilotazaleei, hurrengo urterako gonbidapena luzatzen diegularik guziei.