Dinastia Etxabeko finalak jokatuko dira gaur Zestoako frontoian

Baleike 2015ko abu. 27a, 13:38

Gaueko 10:00etan hasiko den pilota jaialdiarekin amaituko da gaur XLIV. Dinastia Etxabe txapelketa. Zestoako frontoian jokatuko dira partidak eta ondoren omenaldia ere egingo zaie lau pilotari ohiei. 

Hasteko, jubenil mailako partida jokatuko dute Zubizarreta-Eskudero eta Salaberria-Irurita bikoteek. Ondoren, 23 urtez azpikoen norgehiagoka jokatuko da. Partaideen artean aldaketa izango da. Errandonea-Lasa bikoteak lortu zuen finalerako txartela, baina Errandoneak aurrez hitzartutako konpromisoa zuen Lezoko txapelketan, eta nahiz eta hitzordua aldatzen saiatu den, ezinezkoa izan da. Beraz, Elordik beteko du bere lekua eta Lasaren bikotea osatuko du. P. Labaka eta Erostarbek osatutako bikotea izango dute aurrez aurre.

Azken urteetako ohiturarekin jarraituta, lau pilota ohi ere omenduko dituzte: Joxe Zubizarreta, Erramun Egaña, Alfredo Lopez eta Javier Carballo. Joxe Zubizarreta (1941an jaioa), eskuzko pilotari afizionatua izan zen, atzelaria. Erramun Egaña (1942), eskuzko pilotari afizionatua baita ere, aurrelaria izan zen eta gaur egun Mutrikuko parrokoa da. Alfredo Lopez “Rioja” (1942), eskuzko pilotari profesionala izan zen, atzelaria; Javier Carballo (1942), berriz, palazko pilotari afizionatua izan zen, aurrelaria.