Gala Gaua izango da bihar Zumaian

Baleike 2015ko uzt. 31a, 17:42

Zumaia asko aldatu da azken hamarkadatan eta gizartea bestelakoa bada ere, badira mantentzen diren udako ekitaldia. Hala, bihar Gala Gaua izango dugu. Zer ikusi handirik ez du orain iraganeko Galako Berbenarekin, baina arrazoi bat da elegante jantzi, kalera atera eta festa giroaz gozatzeko. 

Azken urteotan egin bezala, argazki txokoa jarriko da arratsaldean. Eguraldi ona egiten badu, Alondegi aurreko plazatxoan izango da; euria bada, Oxford aretora mugituko da. Elegante jantzita egon eta argazki bat ateratzea nahi baduzue, nahikoa duzue 19:30etik 21:30era bitartean gure txokora agertzea. Banaka, bikoteka, taldeka, berdin dio. Arratsaldean ateratako argazkiak www.baleike.eus atarian izango dituzue ikusgai igandetik aurrera.

Zumartian plataformak emandako 25 euroko lau erosketa bale ere zozkatuko dira argazki txokoan parte hartzen duten guztien artean. Tarima gainera igotzen zareten guztiok sartuko zarete zozketan.

Gauean beste bi ekitaldi izango dira. 23:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan Demodé Quarteten ikuskizun musikala izango da. Gauerditik aurrera, aldiz, Gala diskoteka Kofradian.