Bihar, hilaren 1ean, irekiko da pasa den ikasturtean euskara ikasten aritu direnek diru-laguntzak eskatzeko epea. Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero egiten du deialdia eta ekimenak euskaraz ez dakiten herritarrak euskara ikastera animatu nahi ditu.
Diru-laguntzak jasotzeko bi baldintza egiaztatu beharko dira: batetik, Zumaian erroldatuta egotea, eta, bestetik, %80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea, gutxienez.
Aurkeztu beharrekoa
Uztailaren 15a izango da eskariak aurkezteko azken eguna. Interesatuek honako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte eskaria egiterakoan: eskabidea (beste dirulaguntzen aitorpenarekin), Nortasun Agiriaren kopia, matrikularen agiria, euskaltegiaren ziurtagiria (maila, datak, ordu kopurua, asistentzia…), eta egoera bereziak egiaztatzeko agiriak (langabezia-txartela edo gizarte zerbitzuen txostena).
Udako ikastaro eta barnetegiei dagokionez diru-laguntzak eskatzeko beste epe bat irekiko da urrian.