Bertako kultura gordetzeko deia egiten du Slow Asteak

Baleike 2015ko mai. 28a, 11:47
Ekainaren 3ko bisita gidatuan, antzinako merkatariek Zumaian izandako historiaren berri ezagutuko da.

‘Zumaian, bertakoa’ izenburua izango du astelehenean hasi eta datorren igandera bitartean egingo den Slow Asteak. Bertako elikadura berreskuratzea eta bizimodu jasangarriak sustatzea du helburu nazioarte mailako Slow mugimenduak. Aurtengo Asteak filosofia horri eutsiko dio, baina izango ditu zenbait berrikuntza. 

«Elikadura eta gastronomia ardatzak izango dira, baina bizitzako beste esparruetara ere zabaldu nahi izan dugu, herriko ohiturak, kultura eta produktuak berreskuratuz, eta egitaraua prestatzerakoan udaletxeko sail guztiek hartu dute parte. Datozen urteetan ere ildo horretatik jarraitzeko asmoa dago», azaldu du Jone Esnal turismo teknikariak. Zumaia bertako kultura gordetzeko asmo horretan, tarte berezia egingo zaio bertako hizkera berreskuratzeari. Herrietako hitzak galtzen ari dira pixkanaka eta geurea den altxor horri eusteko, Zumaiako hitz edo esapide bereziak identifikatzen laguntzeko deia egin da. Hitz edo esapideak Alondegia kultur etxean edo turismo bulegoan jarriko diren kaxetan uzteko aukera izango da ekainaren 2ra bitartean. Parte hartzen dutenen artean bi Slow menu eta 10 Slow pintxo zozkatuko dira. Zozketa ekainaren 3ko aurkezpenaren ondoren egingo da.

Slow Asteko ekitaldiak ekainaren 1ean hasiko dira, 17:30ean Kantauri plazan egingo den haurrentzako ‘Zumaian zer dugu?’ jolasarekin. “Herriko nortasunaren inguruko jolasa izango da eta Ludotekak antolatuko du”.

Ekainaren 2an, Herri Eskolan eta Maria eta Jose ikastetxean, ‘Zumaian, bertako gosaria’ ekimena burutuko da eskualdeko ekoizle eta Urkome elkarteko kideekin. “Ikastetxe bakoitzak maila desberdinetan egingo du. Elikadura jasangarriaren inguruko azalpenak jaso dituzte ikasturtean zehar Agenda 21 ekimenaren barne eta Zumaiako eta inguruko ekoizleek emandako produktuekin gosaria izango dute errekreo garaian: esnea, ogia eta menbrilloa izango dituzte”. Ekoizleak ikastetxeetara joango dira azalpenak ematera. 

Ekainaren 3an, 17:00etan, Foronda, ‘Zumaian, bertako ekoizleak’ ekoizle eta ostalarien arteko topaketa egingo da, ‘Urola gustagarri’ ekimenaren eskutik. “Ostalariak kontzientziatu nahi dira beraien jardueratan bertako produktuak erabiltzeko. Horrez gain, Azkoititik Zumaiara bitartean egiten den Urola Gustarri proiektua aurkeztuko da”. Ekimen horren baitan urtean bitan, udaberrian eta udazkenean, hilabete inguruan, parte hartzen duten negozioetan bertako produktuekin prestatutako menuak ematen dira. Orain arte Zumaiako inork ez du parte hartu, baina turismo bulegotik jakitera eman denez, udazkenetik aurrera Beheko Plaza jatetxeak eta Santa Klara izango dira parte-hartzaileen artean.

Asteazkenean baita ere, baina 19:00etan, Alondegian, ‘Industrigintza hastapenak Geoparkean: zementugintza Zumaian’ bideoaren aurkezpena egingo da, eta 19:30ean ‘Itsaslapur eta merkatarien istorio bat’ doako bisita gidatua egingo da. Izenak turismo bulegoan eman daitezke. “Zumaiako hainbat familia ibili ziren garai hartan merkataritza alorrean lanean eta egoeraren arabera, kortsarioak ere izan ziren. Familia hauen eraikinak eta haien historia jakiteko aukera izango da bisita gidatu honetan”.

Ostegunean, 18:30ean, pintxo poteoa eta kantu poteoa egingo dira, eta ostiralean, 19:00etan, basalandare jangarrien erakustaldia egingo da Torreberrin. 

Gastronomiak ere izango du lekua Aste honetan. Ostiral eta larunbat gauetan, eta larunbat eta igande eguerdian. bertako produktuekin prestatutako menuak eta pintxoak eskainiko dira herriko zenbait jatetxetan. “Menuak Basustan, Zelaien, Marina Berrin eta Beheko Plazan emango dira; pintxoak, berriz, Beheko Plazan, Gure Txokoan, Idoian, Itxason, Itzurunen, Kalarin, Kresalan, Trapaian, Tximistan eta Zallan”. 

Egitaraua

Maiatzaren 25etik 31ra

“Zumaian, bertako hitzak” hitz bilketa egingo da, Zumaian bakarrik erabili ohi diren hitz edo esamoldeak jasotzeko. Parte-hartzaileen artean “bi Slow, bertako menu” eta “hamar Slow, bertako pintxo” zozkatuko dira ekainaren 3ko aurkezpenaren ondoren.

Astean zehar “Zumaian, bertako Dendak” kanpainaren barruan Merkatari Elkarteko txartelarekin ordainduz ezusteko sariak emango dira Merkatari Elkartean dauden dendetan.

Ekainak 1, astelehena 

17:30ean Kantauri plazan “Zumaian zer dugu?” jokoa, Ludotekaren eskutik.

Ekainak 2, asteartea

10:30ean Herri Eskolan eta Maria eta Jose Ikastetxean “Zumaian, bertako gosaria” ekimena, eskualdeko ekoizleen eta Urkomeren eskutik.

Ekainak 3, asteazkena

17:00etan Forondan “Zumaian, bertako ekoizleak” ekoizle eta ostalarien arteko topaketa, “Urola Gustagarri” ekimenaren eskutik.

19:00etan “Zumaian, bertako ondarea”: Alondegian “Industrigintzaren hastapenak Geoparkean: Zementugintza Zumaian” bideoaren aurkezpena eta “Zumaian, bertako hitzak” hitz bilketako parte-hartzaileen arteko zozketa. 

19:30ean “Itsaslapur eta merkatarien istorio bat” doako bisita gidatua (euskaraz) Alondegitik hasita, Zumaiako itsas ondarea ezagutzeko. Izen ematea: Turismo Bulegoan.

Ekainak 4, osteguna

18:30etatik aurrera “Zumaian, bertakoa” Pintxo Poteoa eta Kantu Poteoa.

Ekainak 5, ostirala

19:00etan Torre Berrin “Zumaian, bertako basalandare jangarriak” sukaldaritza erakustaldia (elebitan)

Arratsalde-gauean bertako produktuekin egindako Pintxoak, Platerak eta Menuak eskainiko dira Zumaiako hainbat jatetxe eta tabernatan. 

Ekainak 6, larunbata

Eguerdian nahiz arratsalde-gauean bertako produktuekin egindako Pintxoak, Platerak eta Menuak eskainiko dira Zumaiako hainbat jatetxe eta tabernatan. 

Ekainak 7, igandea

10:00etan “Elikadura Jasangarria” Argazki Rallya Algorri Interpretazio Zentrotik abiatuta. Izen-ematea: Algorri Interpretazio Zentroan.

11:00etan hasita Dantzari Txiki Eguna. 13:00etan dantzarien erakustaldia Eusebio Gurrutxaga plazan.

19:00etan Parrokian Kup abesbatzaren kontzertua