Aitzuri izena jarriko zaio frontoi berriari

Baleike 2015ko api. 24a, 14:15

Kirol Patronatuko zuzendaritza batzordeak erabaki du frontoi berriaren izena: Aitzuri.

Aurretik, Zumaiako Udalaren euskara zerbitzuak inguruko toponimia aztertzen duen txostena egin zuen, baliagarri izango zelakoan. Zuzendaritza batzordean aurkeztu eta aztertu ostean, pilota elkarteari iritzia eskatzea erabaki zen. Pilota elkarteko zuzendaritzan, Aitzuri izenaren alde egin zuten, eta Kirol Patronatuko zuzendaritza batzordeak bat egin zuen haien iritziarekin.

Izena aukeratzerakoan, izen erraza, motza eta argia izateari garrantzia eman zaio. Ezker pareta, Aitzuri kalearen kontra izango du, eta horrek ere izan du bere garrantzia. Eta, frontoiari begira hasita, haitz itxura ere izan dezake eraikinak.

Izena erabakitzearekin batera, frontoiaren irudi edo logotipoa aukeratzeko lehiaketa irekia egitea ere erabaki zuten. Hori horrela, datozen asteotan argitaratuko dira oinarriak.