Pulporen jubenilei bultzada emateko autobusak jarriko ditu klubak

Baleike 2015ko api. 18a, 15:17

Pulporen jubenil mailako gizonezkoen taldeak Espainiako txapelketa jokatuko du datorren asteburuan Logroñon. Jokalariak etxean bezala sentitzeko, eta zaletuak Errioxako hiriburura eramateko, autobus zerbitzua antolatu du klubak larunbateko jardunaldirako.

“Granollersen aurkako partidarako autobus bat, bi edo behar direnak antolatuko ditugu, gure jokalariak etxean baleude bezala senti daitezen”, azaldu dute Pulpoko arduradunen. Hori bai, Logroñora joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Pulpok Lubaki kiroldegian duen bulegoan. Izen-ematea astelehen eta asteartean izango da zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Prezioa 15 euro izango da. Eserleku guztiak betetzen badira bakarrik aterako dira autobusak, eta interesa izango balitz, iganderako antolatzea ere aztertuko da. Larunbatean goizeko 10:00etan aterako da Zumaiatik eta 20:00ak aldera itzultzea aurreikusten da.

Norgehiagokak

Datorren asteburuan jokatuko diren partiden ordutegiak dagoeneko ezagunak dira:

Ostiralean, 18:30ean, Aiadek Pulpo-Anaitasuna.

Larunbata, 16:00etan, Aiadek Pulpo-Granollers.

Igandea, 12:30ean, Naturhouse Logroño-Aiadek Pulpo.