Udalak ez du hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarriko "sarraila elektronikoen arazoa konpondu arte"

Baleike 2015ko mar. 27a, 12:05

Zumaiako Udalak ez du oraindik hondakinen bilketa sistema berria abian jarriko, prentsa ohar bidez azaldu duenez, "edukiontziek dituzten txipdun sarrailak beste herrietan mantenu arazo teknikoak eman dituelako"."Sarraila elektronikoekin sortu diren arazoak ikusita, horiek egiten dituzten enpresek arazoa konpondu arte" itxarongo du.

Izan ere, Udalak oharrean dioenez, txipdun sarrailak egiten dituzten enpresek aitortu dute mantenua oso garestia dela, arazo batzuk medio. Arazoa konpontzeko konpromisoa hartu dute, eta Udalak nahiago du zain egotea.

Honen berri eman du Udal Gobernuak Udaleko Ingurumen Batzordean eta Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordean, eta Hondakinen Mahaiko azken bileran ere eman zen parte erabakiaren berri, eta, aho batez, bileran zeuden guztiek erabakirik egokiena dela berretsi zuten, eta erabakiarekin ados daude.

"Erabaki egokia"

Hala ere, Udal Gobernuak uste dut sistema egokia dela: "Txipdun edukiontziak erabilita Tolosan, esaterako, lortu dute %70etik gorako bilketa selektibora iristea. Horrek erakusten du hondakinen mahaian adostutako sistema egokia dela jarritako helburuak lortzeko, eta Udal Elkartea sistema berbera prestatzen aritu da azken hilabeteetan. Baina aipatutako herrietan uste baino arazo tekniko handiagoak sortu dira sarrailekin, eta horiek egiten dituzten enpresek denbora eskatu dute arazo horiek konpontzeko".

Ondorioz, eta teknikariek egoera mahai gainean jarri ondoren. Udalak nahiago du zain egon, arazoak sortuko dituela jakinda sistema berria abian jartzea baino.

Nahi baino prozesu luzeagoa

Hondakinen Mahaian akordioa lortu zenean, barra kodedun poltsak eta txipdun edukiontziak erabiltzea erabaki zen. Ondoren, teknikarien esku utzi zen sistema, eta horiek adostutakoaren kostuak aztertu eta aurkeztu zizkioten Udalari. Bertan, barra kodedun poltsak garestiegiak zirela eta, txipdun edukiontziak erabiltzea hobesten zen. Hori izan zen hartutako erabakia. "Zumaiako Udal Gobernuak zilegitasun osoa ematen dio Hondakinen Mahaiari eta bertan erabakitzen denari, eta bertan erabakitakoa aurrera eramateko konpromiso osoa du".

Ordutik hona, beste herri batzuetan jarri den sistemaren bideragarritasuna aztertu, eta ondoren, ezarpenerako beharrezko baliabideak prestatzen aritu dira teknikariak. "Prozesua uste baino zailagoa izan da, duela hilabete gutxira arte ez baitzegoen sistema hori zuen herririk. Orain, dena prest du Udal Elkarteak, eta sistema berdintsuarekin Tolosan, adibidez, gaikako bilketa %70etik gorakoa izan dela ikusita, argi dago Zumaiarako ere egokia dela sistema hori. Ordea, arazoetatik ikasi eta sistema hobetu arte zain egongo da Udala".