M&J Ikastetxea “Zure janaria ez da hondakina" bideo lehiaketako irabazle

Maria eta Jose ikastetxea 2015ko mar. 25a, 21:10

Hondakinen sorrera gutxitzeko Europako Astea zela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Hondakinen Kudeaketa Koordintzeko Organoak (HHKKO) eginiko ekimen honetan hartu zuten parte ikastetxeko DBH 4.mailako Biologia-Geologiako ikasleek. Bertan, bi minutuko bideo baten bitartez, gure elikagaiekin sortzen ditugun hondakinez eta beraien ondorioez jabetzea zuten helburu.

Herritarrok, gure erabakien bitartez, hondakin gutxiago ekoiztea eragin dezakegu, eragile aktiboak garelako. Ingurumenari kalte txikiagoa eragiten dioten jakiak aukeratu ez ezik, kontsumitu gabe zaborretara botatzen ditugun jakien bolumena murriztu ere egin dezakegu.

Filosofia hori Euskal Autonomia Erkidegoko 12 eta 18 urte bitarteko gazteen artean zabaltzearren, Hiri Hondakinen Kudeaketa Koordinatzeko EAEko Organoak "Zure janaria ez da hondakina" bideo-lehiaketaren bigarren edizioa antolatu zuen, kontsumitu beharreko elikagaiak egoki kudeatzeko beharra nabarmentzeko eta, hala, zabor eta bio-hondakin gutxiago sortzeko.

Sari banaketa ekitaldia martxoaren 18an izan zen, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan, eta bertan, Eusko Jaurlaritzako eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru Aldundietako Ingurumen sailetako arduradunak izan ziren. Hiru ikastetxe izan ziren sarituak, bakoitza bere kategorian, baina gure ikastetxeak lorturiko saria berezia da, sare sozialetan onarpen handiena izan duen bideoa baita.

Zorionak Irune Bernal, Manuela Walteros eta Mikel Casquerori egindako lan bikainarengatik.