Zumaiaren industria ondarearen memoria ezagutarazteko panelak jarri dira

Baleike 2015ko mar. 16a, 10:27

Martxoaren 28an bisita gidatua egingo da, ZIIZ elkarteko Pello Etxabek gidatuta. Bisita doan izango da, baina aurrez tursimo bulegoan edo Alondegian eman beharko da izena.

Udalak eta herriko industria ondarea berreskuratu eta ezagutarazteko lanean diharduen ZIIZ elkarteak, elkarlanean, Zumaiako industriaren memoria ezagutarazteko panelak jarri dituzte. Guztira 10 panel informatibo jarri dira, eta garai batean herrian ziren enpresa esanguratsuen kokalekuen inguruak hautatu dituzte horretarako.

Bi motatako panelak bereiz daitezke: "Alde batetik, kokatuta dagoen inguruko informazio orokorra ematen duten panelak daude. Eta bestetik, gaur egun oraindik badauden arrasto industrialen inguruan kokatutako paneletan arrastoaren informazioa eskaintzen dutenak daude", azaldu du Oihana Artetxe ZIIZ Elkarteko kideak.

Paneletako informazioa euskaraz eta gazteleraz badago ere, panelean dauden QR kodeen bidez inglesez eta frantsesezko informaziora jo daiteke.

"Egun bateko kontzertu edo ekitaldi handi ugari egin daitezke, baina aurrekontu ez oso handiarekin gauza xume baina interesgarriak egin daitezke, eta industria ondarea berreskuratzeko panelen proiektu hau da horietako bat. Hau, gainera, ez da pasatzen, bere horretan, herritarrentzat zein bisitarien eskura hortxe izango da", azaldu du Eneko Agirre kultura zinegotziak.

Bisita gidatua
Panelak jartzearekin batera, bisita gidatu bat ere antolatu dute Udalak eta ZIIZ elkarteak martxoaren 28an. Bisita 11:00etan abiatuko da Gernika parkeko anbulatorio zaharraren paretik, eta ZIIZ elkarteko kide Pello Etxabek gidatuko du (euskaraz emango ditu azalpenak). Bisita doakoa eta irekia izango da, baina izena aurrez eman beharko da kultur etxean edo turismo bulegoan.

Zumaiako industria, historian
Enpresak jaio, garatu eta hil egiten dira, eta Zumaian XX. mendearen erdialdea baino lehen sortu ziren enpresa guztiak desagertu egin ziren, Astilleros Balenciaga, Zumaiako enpresetan dekanoa, izan ezik. Izan ere, 90 urte baino gehiagoko jardunari eutsi dio. Zoritxarrez, kasik ez da geratu sortu zituzten elementuen aztarna materialik (eraikinak, makinak, produktuak, tresnak, etab.), herriaren kultura-ondarearen zati direnak, eta zumaiarren nortasun-ezaugarriak eta memoria osatzen dutenak.

Memoria berresuratzea helburu
Zumaiaren historia atzera geuregana ekartzeko, memoria berreskuratzeko eta herriko industria-ondareari duen balio aitortzeko asmoz, 2009ko udaberrian, Zumaiako Industria ondarearen Informazio Zentroa-ZIIZ izeneko proiektua abian jarri zuen martxan herritar talde batek.

Ekimen horren nahia Zumaiako industriaren historian eta garapenean oinarritutako erakusketa iraunkor bat sortzea da, industria-jarduera Zumaiaren eta bertako biztanleen bilakaeran funtsezko alderdi bat izan dela eta dela ulertzen dutelako.

Proiektuaren helburu nagusia, Zumaiako industria-ondareari buruzko informazio gune bat sortzea da, Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa-ZIIZ, herriko industrializazioaren historia ezagutzera emateko eta herriaren garapenean industrializazioa zein erabakigarria izan den jakinarazteko.

Helburu nagusiena hori bada ere, bidenabar, ziiz.eus webgunean bildu dute herriko historiaren zati garrantzitsua, eta jarri berri diren panel horien bidez ere, herritarren artean herriaren parte garrantzitsu den historiaren zabalpena egiteko pauso garrantzitsua eman da.