500 bisita gidatu eskainiko ditu Geoparkeak abendua bitartean

Baleike 2015ko mar. 7a, 11:17
Baratzazarreko behatokia, Elorriaga auzoan. Argazkia: Asier Hilario

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen denboraldi berria eman zuen ezagutzera ostiralean, eta, aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta La Caixa Fundazioak Baratzazarrak deritzon behatokia inauguratu zuen Elorriaga auzoan.

Baratzazarrak deritzon behatoki berria Geoparkearen bihotzean eta Deba-Zumaia itsasbazterreko Biotopo babestuaren erdi-erdian dago kokatua. Ekimen honekin, pauso bat eman da aurrera bertako ondare natural eta geologiko garrantzitsua herritarrengana zein kanpotik datozen bisitariengana gerturatzeko, eta ezagutza eta kontserbazioa sustatzeko.

Behatokia 150 metroko altuera duen itsaslabar baten gainean kokatua dagoen egurrezko plataforma bat da eta oso erraz iritsi daiteke bertara, 5 minutu oinez Elorriagako atsedenlekutik. Atsedenleku honetatik igarotzen dira Gipuzkoako itsasbazter osoa zeharkatzen duen Talaia ibilbidea eta kostaldeko Done Jakue Bidea, urtero milaka lagunek erabiltzen dituzten bi azpiegitura. Ikuspegi zoragarriez gainera, behatokiak balio handiko ondarea jasotzen du, flyscharen eta marearteko zabalgunearen balio paisajistiko, geologiko eta ekologikoa, hain zuzen ere, eta hura ezagutaraztea du helburu.

Asteburu honetan zabaldu da Geoparkearen bisita gidatuen programa. Iaz izandako arrakastaren ondoren, bi proposamen berrirekin sendotu da aurtengo eskaintza. Flyschetik karstera, kostaldeko itsaslabarretatik barrualdeko bailara ezkutuetara, Geoparkeko ondare aberatsa ezagutzeko ekimen bezala ikusten dira bisita hauek.

Programa berria abendura arte luzatuko da. Aurtengoa bosgarren denboraldia izango du eta nabarmen igo da bisiten kopurua: Iaz 269 irteera eskaini ziren eta aurten 499 bisita daude aurreikusita.

Era berean, aurtengo programak berrikuntzak dakartza. Bi proposamen berri gehitu ditu Geoparkeak. Bata, Merkatari eta piraten istorioak izeneko proposamena: “gure uretan harat-honat ibili diren merkatari, pirata eta kortsarioen historia aberatsaren berri jakingo dute bisitariek eta Zumaiako itsas ondare aberatsa ezagutuko dute. Alde Zaharrean barrena bitxikeria, kuriositate eta istorio harrigarri ugari eskainiko dizkigu ibilaldi kultural honek, eta merkatari-familia handien bizitzaren eta garaiko jauregien nondik norakoen berri jakiteko aukera emango digu”.

Bigarren proposamena, Flysch beltza izenekoa da: “Ibilaldi harrigarria Geoparkeko itsas hondo zaharrenetan barrena. Debako hondartza bikainean eta itsas pasealekuan egiten den oinezko bisita honek aukera ematen digu, gidari espezializatu baten eskutik, Geoparkeko flysch ezezagunenaren, hau da, Debako flysch beltzaren, sekretuen berri jakiteko. 100 milioi urteko bidaia egingo dugu iraganera, Bizkaiko Golkoa zabaldu zen hasierako garaietara, eta itsaspeko paisaia zoragarria bistaratuko dugu: koralezko arrezife handiak, itsaspeko abaniko sakonak, lurrikarak eta naturaren harribitxi bereziak, hala nola Debako septariak”.

Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta egutegia www.geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak online egin daitezke, webgunearen bitartez, modu erraz eta seguruan.

Bisitari errekorra 2014an

Urtez urte gero eta gehiago dira Euskal Kostaldeko Geoparkera hurbiltzen diren bidaiariak. 2014an Geoparkeko bisita gidaturen bat egin zuten lagunen kopuruak %60 egin zuen gora aurreko urteko datuekin alderatuz. Guztira 6.573 lagunek hartu zuten parte iaz Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan.

Bestalde, Geoparkea euren kontura bisitatzen duten bidaiarien kopuruak ere gora egin du. Honela, 73.840 lagun hurbildu ziren 2014an Geoparkean kokatuta dauden 3 turismo bulegoetara, Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerrietan, aurreko urtean baino %18 gehiago.

Era berean, azken urteetako tendentziari jarraituz, erreserbak online webguneko erreserba zentralaren bitartez egiten dituzten pertsonen kopurua igo egin da. Hain zuzen, erreserba guztien  %55 online egin ziren.

Geoparkearen webgunea –www.geoparkea.com- itxuraldatuta dago. Webguneak egitura berbera mantendu du, Geoparkeari buruzko informazio orokorrarekin eta bisita gidatuen gaineko informazio zehatzagoarekin, baina diseinu berria du, bisualagoa eta erakargarriagoa. Bertan Geoparkeko txoko, paisaia eta tradizio ezberdinen argazki handiak dira nagusi, bisitarien arreta bereganatu nahian.

Online irudi berrituarekin batera, diseinua moldatu egiten da eta webgunea egoki ikus daiteke edozein pantaila eta dispositibotan. Webgunea euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dago. Webguneak, halaber, erreserba zentral bat dauka erabiltzaileek erreserba egin dezaten online modu erraz eta seguruan.