Martxoak 8: adierazpen instituzionala

Zumaiako Udala 2015ko mar. 7a, 10:57

Hausnarketa eta balantzea egiteko abagunea ere bada, emakumeok orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari garelako. Krisiaren aitzakian, lanbaldintzak okertzen ari dira orokorrean eta are gehiago emakumeentzat. Bestalde, oraindik ere etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeei egokitzen jarraitzen dute hein handi batean.

Gizarte publikoari dei egiteko eguna ere badugu, aldarrikatzeko eguna, zeren eta aurrerabideak lortu baditugu ere, oraindik luzea da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzeko bidea, eta hori emakumeen borrokaren eskutik eta borroka feministaren eskutik etorriko da. Berdintasun benetakoa lortzea erronka da oraindik ere. Lan-merkatuan emakumeek gizonek baino % 36,2 gutxiago kobratzen dute batez besteko lan berdinagatik, eta lanaldi partzialetan dauden langileen % 80,9 emakumeak dira.

Horretarako, eraldaketa sozialerako baloreen aldaketa bat behar beharrezkoa da lehenbailehen, emakumeen lan-bazterkeria betirako amaitzeko, lan-bazterkeria horrek dakarren arraila sozial eta ekonomikoa desagertzeko, ekoizpen-lanaren eta ugalketa-lanaren banaketa ezberdinari bukaera emateko, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista amaitzeko. Hori da emakumeen eta gizonen ezberdintasunaren ondorio gogor eta ankerrena. Badakigu zeregin zaila dugula. Horregatik eskatzen diogu gizartea osatzen dugun pertsona bakoitzari, eguneroko bizitzan bere erabakiekin eta bere jokabideekin berdintasuna eraikitzeko. Guztion zeregina da hainbeste nahi eta behar dugun berdintasuna eraikitzea.

Baina, horrez gain, batez ere konpromisoa hartzeko eguna da. Horregatik, gure ustea berretsi nahi dugu: irmoki jarraitu behar dugu ekintzak bultzatzen, emakumeen eta gizonen artean berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzeko behar diren beste ekintza bultzatzen, horrela lagunduko baitugu gizarte solidario eta justuago bat eraikitzen, bizitza ekonomiaren erdigunean jarriko duena, eta ez alderantziz.

Guztiontzat eskubide berberak lortzeko bidean aurrera egiteko, beharrezkoa da elkarlana, etenik gabe elkarrekin lan egitea gizarteak, emakumeek eta gizonek, gizarte zibilak, eragile sozialek, sindikatuek, alderdi politikoek eta botere publikoek. Horregatik nahi genuke adierazpen hau planteamendu ideologikoetatik harago joatea, inguruabar sozial eta ekonomikoetatik harago, baita une jakin batetik harago ere, hots, martxotik harago. Izan bedi borroka irmoa eta iraunkorra, izan bedi gure ekintzen ardatza urteko egun guztietan. Justizia sozialak hala eskatzen duelako, eta nahitaezkoa delako gizarte osoarentzat.

Berdintasunak gizarte bezala aurrera joaten laguntzen digu, pertsonen autonomia eta duintasuna hobetzen laguntzen du, errespetua sustatzen du, eta demokrazian zein justizian sakonarazten digu. Horregatik guztiagatik, 2015eko martxoak 8 dituen honetan, emakumearen nazioarteko eguna izanda, emakume eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko urrats sendoak ematen jarraitzeko borondatea berresten dugu.

Zumaiako Udalak emakumeen elkarteen mugimenduak, emakumeen eskubideen aldeko borroka zein borroka feminista indartzeko eta parekidetasunaren eta berdintasunaren aldeko mugimendu oro indartzeko konpromisoa adierazten dute, eta herritarrei dei egiten diete emakumeen nazioarteko egunaren inguruan antolatuta dauden ekitaldietan parte har dezaten.

 

 
Erlazionatuak

Hilabete Moreko egitaraua

Baleike 2015 mar 03 Zumaia