Mendebaldeko Saharan gertatutako giza eskubideen urraketaren inguruko erakusketa

Baleike 2015ko ots. 26a, 10:07

Ostiraletik zabalik dago Alondegiko Oxford aretoan Saharako ahotsak. Ahanzturaren kontrako erresistentzia erakusketa. Ekimen hau Euskal Fondoak biltzen dituen udalerri ezberdinak igarotzen ari da, eta martxoaren 4ra bitartean Zumaian izango da. Egunero 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik; asteburuetan 12:00etatik 14:00etara ere zabalduko ditu ateak.

Sahararrek ia lau hamarkadaz pairatu dituen giza eskubideen urraketa nagusiak ikusteko aukera dago formatu ezberdinetan oinarritzen den proposamen bisual baten bidez; horien artean, argazkiak, ilustrazioak, hobi komun baten berregitea edota dokumentalen proiekzioa.

Erakusketa honen abiapuntua 2010. urtetik aurrera EHUko Hegoa Institutuak egindako ikerketa lana izan zen. Lanak Saharako biztanleriak 1975etik gaur egun arte pairatutako giza eskubideen urraketa larriak jasotzen ditu; 261 kasuen azterketan eta saharar biktimei egindako elkarrizketa sakonetan oinarritu zen. Emaitza Memoriaren oasia. Memoria historikoa eta giza eskubideen urraketa Mendebaldeko Saharan izeneko txostena izan zen, 2012ko abenduan argitaratu zena.

Aurrerago, 2013an, hobi komun batzuen aurkikuntzaz geroztik, Aranzadi Zientzia Elkarteak ikerketarekin bat egin zuen. Ikerketa eta auzitegi talde bana antolatu ziren, gorpuak hobitik atera, eurak identifikatu eta senideei gorpuak itzultzea lortu zuten. Aurkitutako gorpuzkiak familiek bilatzen zuten eta hainbat hamarkadan zehar desagertura zeuden pertsonenak zirela frogatu ahal izan zuten.