EH Bildurentzat lehia politikoen gainetik dago hondakinen mahaian lortu zen adostasuna

Zumaiako EHBildu 2015ko ots. 24a, 15:51

Hauteskundeak hurbiltzen ari dira, eta badirudi EAJ kanpaina egiteko hondakinen gaian polemika berriak pizten saiatuko dela. Hasteko, adierazgarria iruditzen zaigu EAJk kanpaina proposamen propioetan zentratu beharrean EH Bilduren aurka egin nahi izatea. Horrek erakusten du hauteskundeak irabazteko beraien herri programa propioan duten konfiantza (edo konfiantza falta?).

EH Bilduk datozen egunotan banatuko du etxez etxe herri programaren zirriborroa, galdetegi formatuan. Bertan, alorrez-alor mamitutako proposamen zehatzak agertzen dira, eta herritar guztiek izango dute proposamen horien garrantzia puntuatu eta proposamen berriak egiteko aukera. Ekarpen horietan oinarrituta idatziko da herri programa, eta ondoren publiko egingo da.

Dena dela, eta hondakinen gaiarekin lotuta programaren zirriborroan agertuko dena aurreratuz, argi utzi nahi dugu guretzat ez duela denak balio bozkak irabazi nahi izateko: Guretzat hondakinen mahaian ezberdinen artean lortutako akordioa edozein lehia politikoren gainetik dago. Hori dela eta, akordioa errespetatuko dugu, sinatu genuenetik orain arte egin dugun moduan gaia teknikarien esku utziz.

Izan ere, sistema berria orain arte martxan jarri ez bada, ezarpenerako lanean ari diren teknikariek denbora behar dutelako izan da, eta EAJk ondo baino hobeto daki hori.

Badirudi EAJ damu dela akordio hori sinatu izanaz, proposamen propioen faltan nahiago lukeelako zerbaiten aurka egin, eta jada gai dira beraiek izenpetutakoaren aurka egiteko ere.

Ez gara beraien jokuan eroriko, EH Bildu herritarren parte hartzearekin egiten ari den herri programan sinesten dugu, eta ez dugu besteen proposamenetan zentratu beharrik kanpaina egin ahal izateko. Guretzat herrigintza herritarrei begira proposamenak mahai gainean jarri eta martxan jartzea da, ez arerio politikoaren lana sistematikoki kritikatu eta dena kalkulu elektoraletan neurtzea. Guretzat politika ez da lau urtean behin jokatzen den lehia, herrigintza egitea baizik. Horretan ari gara, eta horretan jarraituko dugu.