Bosco Garitano: “Flysch Trail nazioarteko lasterketa izatea lortu dugu”

Baleike 2015ko urt. 21a, 07:00
Maratoia izango da aurten Flysch Trail mendi lasterketa

Uztailaren 5ean jokatuko da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa, eta aurten nazioarteko maila izango du, ISF (International Skyrunner Federation) erakundeak World National Series zirkuituan onartu baitu.

Zazpi urteko ibilbidea nahikoa izan da Zumaia Flysch Trail mendi lasteketak nazioarteko maila lortzeko. ISF (International Skyrunning Federation) erakundeak antolatzen ditu nazioarteko lasterketa garrantzitsuenak. Skyrunner World Series da maila gorena, eta hor sei lasterketa daude, tartean Zegama-Aizkorri. Joan den urtean bigarren maila bat sortu zuten, Skyrunner National Series izenekoa, eta hor sartzea lortu du Zumaia Flysch Trail lasterketak, Espainia, Andorra eta Portugalgo sei lasterketa biltzen dituen Sky Series txapelketan.

Zumaiako proba puntuagarria izango da munduko sailkapenerako, eta horrek atzerriko korrikalariek erakar ditzakeela uste dute antolatzaileek. “Hasieratik gure helburua beti izan da lasterketak nazioarteko maila izatea, eta azkenean lortu dugu. Horretarako urrats batzuk egin behar izan dira, hiru urtez izan gara Espainiako Kopako proba. Baina helburu jakin batekin, nazioartera iristea, ahalik eta mailarik handiena lortzea gure lasterketarentzat”, azaldu du Zumaia Flysch Trail lasterketako antolatzaile Bosco Garitanok .

ISFren bigarren mailan leku bat lortzea ez da erraza izan. Lasterketa erakargarria eta ondo antolatua izateaz gain, bulegoko lan isila eta harreman asko landu behar izan ditu Garitanok. “ISFko buru Mario Giacometti duela 12 urte ezagutu nuen, Zegama-Aizkorri antolatu zen lehen urtean. Orduz geroztik, ez dugu aukerarik galdu gure lasterketaren berri emateko, gure hautagaitza aurkezteko”.

Andutzeko igoera

Skyrunner National Series txapelketako parte izateko aldaketak egin dira ibilbidean. “Orain arte Flysch Traileko ibilbideak 31 kilometro zituen, baina aurten maratoia izango da, 42,230 kilometrokoa izango da. Oinarria berbera da, Zumaia eta Deba arteko labarrak, baina Andutzeko igoera gehitu diogu. Lasterketa askoz gogorragoa izango da eta 2.172 metroko desnibela izango du”. Lasterketa motza ere egokitu egingo dute, eta maratoi erdiko distantzia izango du (21km).

Ibilbidea luzatzeak ahalegin handiagoa suposatzen du antolaketa aldetik. “Kilometro gehiago dira eta, ondorioz, jende gehiago beharko da ibilbidea ondo zaintzeko, kontrolerako postu gehiago jarri beharko dira, jatekoa eta edatekoa eskaintzeko puntu gehiago, banderatxoak…”. Dagoeneko lanak aurreratuta dauzkate, ibilbidearen zati berria nahikoa zehaztuta dago eta hura antolatzeaz eta kontrolatzeaz arduratuko den taldea ere lotuta dago.

Lasterketa luzatzeak ekarriko duen beste aldaketa izango da irteera ordua. “Lasterketaren hasiera aurreratu egin beharko dugu. Ziurrenik 8:30ean izango da, eta horrek esan nahi du antolaketa lanak ere aurreratu egin beharko direla”, azaldu du Bosco Garitanok. Epaileei dagokienez, aurreko hiru urteetan Espainiako Federazioak jarri ditu, baina orain lasterketak berak kontratatu beharko ditu.

Flysch Trailaren gainontzeko osagaiak ez dira aldatuko: izen handiko mendizale bat omenduko dute eta bildutako dirua Aspanogi elkartearentzat izango da.

Izena emateko aukera jadanik zabalik dago herrikrossa.com helbidean.

Europako zirkuitua hurrengo erronka

ISFaren zirkuituan sartzea aurrerapauso handia izan da lasterketarentzat, baina ez dira hor amaitzen erronkak. Badirudi Europako mendi federazioa sortzeko urratsak nahikoa aurreratuta daudela, eta hortik etor daiteke hurrengo aukera. “Europako Federazio berri horrek Europa mailako txapelketak eta zirkuituak antolatzea du asmoa, eta guk hor egon nahi dugu”. Bide hori zabaltzen denerako ere harremanak lantzen hasiak daude.