Enpresa txiki eta ertainei zuzendutako eraldaketa digitalaren inguruko jardunaldia antolatu du UKUEk

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 27a, 08:00
Jardunaldirako izen ematea zabalik dago jada.

Udal Elkartearen laguntza programa aurkezteaz gain, martxoaren 6an egingo den webinarrean eraldaketa digitala ezartzeko estrategia prestatzeko gida praktikoa azalduko dute.

Urola Kostako Udal Elkarteak UKUE eraldaketa digitalera bideratutako doako webinarra antolatu du enpresa txiki eta ertainen sektorean 4.0 teknologia inplantatzeko prozesua errazteko konpromisoan. Sektoreko enpresaburu eta profesionalei zuzendutako jardunaldi honek digitalizazioari aurre egiteko moduei buruzko orientazioa jasotzeko aukera eskainiko die bertaratzen direnei, sektorean adituak diren profesionalen eskutik. Antolatzaileen arabera, saioaren helburu nagusia "eraldaketa digitaleko estrategia eraginkorrak lantzeko gida praktiko bat eskaintzea da, eta, horrez gain, udal elkarteak prozesua errazteko duen laguntza programa aurkeztea".

Martxoaren 6an egingo da ekitaldia eta ordu eta erdiko iraupena izango du, 9:15etik 10:45era. Ignacio Izarzugaza eta Iñaki Gómez, LKS Next aholkularitza-enpresako teknikari espezializatuak izango dira hizlariak. Jardunaldia gaztelaniaz izango da eta dokumentazioa elebietan eskainiko da.

Izen-ematea doakoa da, baina plazak mugatuak direnez interesdunek izenak aurrez eman beharko dute enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzita edo 943-89 08 08 telefonora deituta.