Industria ondarea

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2020ko urr. 29a, 07:05

Industria ondarearen kontserbazioaz, zaharberritzeaz eta balorizazioaz hitz egitea ez da lan erraza, kontzeptu bera ez baita oso ondo ulertzen oraindik. Jauregiak, katedralak edo monastegi zaharrak historia unibertsalaren zati gisa uler ditzake herritarrak, baina motor edo zementu fabrika bat edo garabi zahar baten arrastoak zailagoa da interes kulturaleko elementu edo ondare-ondasun gisa ulertzea.

1960 inguruan Ingalaterran hasi ziren industria ondareaz kezkatzen eta kultura ondarearen barnean hartzen. Geroago, Frantzian, Alemanian, e.a. Euskal Herrian 1982tik aurrera, eta Zumaian pasa den hamarkadan hasi ginen gaia azaleratzen.

Industria ondarea gure aurrekoek utzi diguten legatua da eta guri dagokigu gordetzea eta babestea, iraganaren eta geroaren arteko katea ez eteteko. Industria ondarea ezinbestekoa da gure herriaren azken mende eta erdiko historia ulertzeko.

Zumaia herri industriala izanik, XX. mendearen azkenengo bi hamarkadetan, garrantzitsuak izan ziren hainbat lantegi itxi ondoren, espekulazio eta higiezin interesak bultzatuta edo sentsibilizazio faltagatik, suntsituak izan ziren arrastorik utzi gabe. Arbillagaren zaku fabrika zaharraren fatxadaren erdi aldea eta Arbustaingo garabia babestea mereziko zuketen, adibidez. Egoera horrek kezkaturik, zumaiar talde batek ZIIZ-Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa sortzea erabaki genuen duela hamaika urte, herriko industriaren ondarea eta oroimen historikoa berreskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko dena gal ez dadin. Ondoren, webgune bat sortu genuen, herrian zehar panel informatiboak jarri, erakusketa bat eta hainbat hitzaldi antolatu genituen.

Orain, beste urrats bat emanez, Udalarekin lankidetzan, hasierako asmoetakoa genuen leku bat sortzeko bidean gabiltza, bertan gure herriko industria jardueraren ondarea memoria historikoaren testuinguruan agerian jartzeko. Espazio horretarako toki oso egokia dela iruditzen zaigu Urolako trenak portuan zuen geltokia, merkantzien garraiorako zuen funtzioaz gain, herriko industriagune nagusienetako batean zegoelako.

Bestalde, oraindik dirauten industria ondarearen elementu fisiko bakanak babesteko ahalegina egin nahi dugu. Narrondo auzoan, XIX. mendearen bigarren erdian sortu ziren bi lantegiren arrastoak dira. “La Zumayana” eta “San Jose” izeneko zementu fabrikenak, lehenengoarenak, bereziki. Zumaiaren industrializazioaren motorra izan zen zementugintzaren sinbolo eta ikur balioagatik.

Kultur ondasunak gazte eta nagusiek ezagutu eta errespeta ditzaten babestu egin behar dira, eta, horretarako, beharrezkoa da agintariek parte hartzea.